Guraso Eskolan izena emateko epea urriaren 3a arte egongo da zabalik
Saioak hileko azken astelehenetan izango dira
Guraso Eskola jarriko da martxan bigarrenez Legorretan, Udaleko Gizarte Zerbitzuen eskutik. Haurren garapen ebolutiboa, sozializazioa, sexualitatea, mugak eta arauak landuko dituzte, besteak beste. Harremanak elkarteko kidea Olatz Berasategik gidatuko du.
Saioak hileko azken astelehenetan izango dira 18:00etatik 19:30era udaletxeko Areto Nagusian, eta lehena, datorren urriaren 26an egingo dute. Guraso Eskolaren kostua 20 eurokoa izango da pertsonako eta 30 eurokoa, haur baten bigarren zaintzaile edo arduraduna ere apuntatuko balitz.
Izen ematea zabalik
Zerbitzua martxan jartzeko gutxienez 8 pertsona behar dira. Interesa duten herritarrek Legorretako Gizarte Zerbitzuetan eman dezakete izena, urriaren 3a baino lehen. Izen ematea aurrez aurre, telefonoz (943 08 52 90) edo posta elektronikoz (gizarte @ legorreta.eus) egin daiteke; bertan izen-abizenak, haurren adina, telefono eta email kontaktua eta nahi izanez gero, interes bereziko gaien bat ere aipatu daiteke.