Ane Mintegik Euskadiko Txapelketa irabazi du, hirugarrenez
Finalean Mercedes Aristegi bizkaitarra hartu du mendean 16 urteko idiazabaldarrak. Hurrengo erronka Roland Garros torneo ezaguna izango du.
Ane Mintegi tenis jokalari idiazabaldarrak Euskadiko Txapelketa irabazi du, finalean Mercedes Aristegi mendean hartuta. Mintegik 16 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko hirugarren aldiz irabazi du Euskadiko Txapela. Lesio bat tarteko, hilabetez geldirik egon behar izan badu ere, maila onean dagoela erakutsi du.
Gasteizen jokatutako finalean, Mercedes Aristegi izan zuen aurkari; neurketa parekatua izan zen oso. Aurreneko seta 6-2 irabazi zuen idiazabaldarrak, baina bigarrenaren hasieran, aurretik jarri zen Aristegi, nahiz eta azkenean Mintegi 6-4 gailendu zen. Gasteizko Peña Vitoriana Klubean jokatu dituzte partidak; berez igandean jokatzekoak ziren, baina eguratsa zela eta, astelehenera atzeratu zituzten finalak.
Mintegik berak ere “finala oso estua” izan dela azaldu du. “Biok oso ondo jokatu dugu, baina aurreneko seta irabazi ahal izan dut. Bigarrenean bera hobeto hasi da, baina buelta eman ahal izan diot partidari”. Lesioa eta geldialdia direla eta, ez da %100ean sentitu, “baina pixkanaka hobetzen” ari dela dio. Hirugarren txapela lortuta “gustura” agertu da Idiazabalgoa; “etxean jokatzeak asko motibatzen nau, eta hirugarren aldiz irabazteak are gehiago”.
Antolatzaileen arabera, “kirol maila handia” izan du aurtengo Euskadiko Txapelketak, eta finalek “interes handia” piztu dute tenis zaleen artean.
Roland Garros
Hurrengo erronka Frantzian izango du Ane Mintegik, Roland Garros torneo entzutetsuan parte hartuko baitu, junior mailan. 2019an, txapelketa horretako final zortzirenetara iritsi zen idiazabaldarra. Parisera “torneo on bat” egiteko asmoarekin doa, bide batez, rankingaren goikaldean mantentzeko. Egun, 41. postuan dago Mintegi.