Artola izango da Beasaingo alkatea
Aitor Aldasorok alkatetza utziko du legebiltzarkide izango delako. Alkatetzak erabateko dedikazioa eskatzen duela arrazoitu du, kargua uzteko garaian.
Leire Artola Beasaingo alkatea izango da, kargua noiz hartuko duen zehaztu ez duten arren. Hilabete beharko du, gutxienez, aginte makila bereganatzeko. Aldasororen tokia hartuko du, Gasteizko Legebiltzarrera joango baita. Beasaingo alkate izateak erabateko dedikazioa eskatzen duela argudiatu du kargua uzteko.
Artola gogotsu agertu da, eta legegintzaldi programarekin aurrera jarraituko duela iragarri du. Alkateordea denez, aldaketak ez duela ezustean harrapatu aipatu du. Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea ere bada, baina batzordeak uzteko asmoa duela esan du.
Aldasoro hunkituta agertu da. Gogoratu du ia 20 urte egin dituela Beasaingo udaletxean, eta arantzaren bat baduen arren, egindako lanarekin harro agertu da. Beasainentzako onuragarriak izango diren proiektuak martxan uzten dituela aipatu du, eta Gasteiztik horiek amaitzeko presio egingo duela. Legebiltzarrean zein ardura izango duen zehaztu ez duen arren, hizkuntzari lotutako batzordean lan egitea gustatuko litzaiokeela esan du.