Zintzo-Mintzorekin hitzarmena sinatu ez izana salatu du EH Bilduk
EH Bildu koalizioko kideek Euskaraldia bultzatzeko pertsona bat kontratatzea beharrezkoa ikusten dute
Zumarragako Udalak Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearekin hitzarmen bat sinatu du Euskaraldia dinamizatzeko pertsona bat kontratatzeko eta Urretxuko EH Bilduk Urretxuko gobernu taldeak halako hitzarmenik sinatu ez izana kritikatu du.
EH Bilduk ez du gobernu taldearen erabakia ulertzen. «Ez dugu ulertzen Urretxuko udal gobernuak, oposizioari erabakiaren berri eman gabe, hitzarmenari uko egin izana. Zinez kezkagarria da bi herrien arteko elkarlanak atzerapauso hau ematea eta bi herriak batzen gaituen tokiko euskalgintzaren erreferentearekin harremana sendotu ordez, soilik Zumarragako Udalak sinatzea hitzarmen ekonomikoa», azaldu dute.
EH Bildu koalizioko kideek Euskaraldia bultzatzeko pertsona bat kontratatzea beharrezkoa dela uste dute. «Aurtengo Euskaraldia aurrekoa baino zabalagoa izango da eta hiru hilabeteetan zehar landa lan sakon bat egiteko pertsona bat kontratatzeko benetako beharra dagoela aurreikusi eta ulertu duen bakarra Zumarragako Udala izan da. Badirudi Urretxuko Udalak oraindik ez duela ulertu euskararen normalkuntzan pausoak sendotu egin behar ditugula, ausardiaz eta, batez ere, elkarlanean».
Jon Luqui Urretxuko alkateak duela bi urte pertsona bat kontratatu zela eta egindako lanaren fruituak ez zirela espero bezain onak izan erantzun du. «Aurten, Urretxun, udaleko Euskara teknikariak egin du lan hori. Lana gure gain hartu dugu eta emaitzak ez dira batere txarrak izan. Urretxun 97 entitatek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko eta Zumarragan 71k».
Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteari dagokionez, elkarlanean jarraituko dutela aurreratu du. «Urretxuko Udalean egitasmoak aurkeztera animatu genituen».