COVID-19ak eragindako laneko erregulazio espedienteen luzapena gaur hasiko da
Aurreko ABEEaren indarraldia atzo agortu ondoren, urtarrilaren 31ra arte iraungo duen beste dekretu bat sartuko da gaur. Langileek soldataren %70 jasoko dute
Koronabirusaren konfinamendu gordinenaren akaberan, inoizko krisialdi latzenaren datuak geratu ziren ekonomian. EAEko enpresen ia erdiak (%45) eta langileen lautik bat (%26) jarduera etenda zeuden: 26.400 enpresatan zeukaten ABEE Aldi Baterako Enpelgu Erregulazioaren espedientea, eta 185.000 langile zeuden COVID-19aren eraginak arrazoituta langabezian; Hego Euskal Herrian, 230.000.
Gaurtik aurrera, osasun krisiak sortutako gainbehera arintzeko beste fase batean sartuko dira langabezia saihesteko prestazioa jasotzen duten langileak, Hego Euskal Herrian 30.000 inguru. ABEEen babesa urtarrilaren 31ra arte luzatu du Espainiako Gobernuak harena da eskumena, Espainiako bi sindikatu nagusien eta CEOE enpresari elkartearen adostasunarekin. Atzo amaitu zen orain artekoa.
Babesa sektoreka desberdina izango du prestazioak, datozen lau hilabeteetan. Hiru ABEE mota bereizi dituzte: ezin saihestuzko arrazoiena, pandemiak lanik egin ezinda utzi dituen enpresentzat; eta birus agerraldiak izaten diren kasuetarako beste bi mota, ezintasunezkoak eta mugadunak.
Lehen kasuan, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresek kotizazioa ordaintzerakoan %85eko deskontua izango dute, eta langile gehiagokoek %75ekoa. Beste bi kasuetan, berriz, birus agerraldia izan delako enpresa itxiarazten dutenean, %100ekoak eta %90ekoak izango dira deskontuak, langile kopuruaren neurriaren arabera.
Langileen lansaria
ABEEan dauden langileek Gizarte Segurantzatik jasoko duten lansariak ere aldaketa bat izango du: soldataren %70 jasoko dute langileek, 196 egunean. Orain arte, erregulazioan 180 egun igaro ondoren, erdira jaisten zitzaien lansaria. Langabezia kasurako dagoen prestazioa ez dute gastatuko, bestetik.
Behin erregulaziotik irten ondoren, dekretu berriak sei hilabeteko epea markatu du langilerik ezin kaleratu izateko, enpresentzat. Langabezia ez igotzea lortu nahi dute neurri horrekin, isun handiak jarrita.
Norbere kontura lan egiten duten langile autonomoentzat babesa ere sartu dute ABEEan.
ABEEak baliatzeko ziria
Koronabirusaren pandemiagatik lana galdu duten edo makaldu zaien enpresentzat eta langileentzat behin-behineko soluzio aringarria da ABEEa. Baina sindikatuek enpresen bestelako interes murriztaile batzuk estaltzeko aitzakia izan dela ere salatu dute, behin baino gehiagotan.
Apirilean, adibidez, Lan Zuzendaritzak atzera bota zion Arcelor Mittal enpresari bere faktorietan ABEEa aplikatzeko eskaria. Beharrik ez zutela erakutsi, eta multizanazionalaren egoera ekonomikoarekin «proportzionala ez» zela arrazoitu zioten ezezkoa. Hilaren bukeran, langileak kaleratuko zituela ohartarazi ondoren, beste erregulazio bat aurkeztu zuen. Beharrezkoa ez zela eta justifikaziorik ez zuela salatuta, inpugnatu egin zuten maiatzean ELAk eta LABek.