«Elkartasunez hasi nintzen maskarak egiten»
Moda eta joskintza beti izan dira pasio bat Sonia Santacreu beasaindarrarentzat. Urteak daramatza esparru horretan lanean, baina duela gutxi bere marka sortzea erabaki zuen: Santacreu.
Nola otu zitzaizun zure marka sortzeko ideia?
Beti modari lotuta ibili naiz, osagarriak asko gustatzen zaizkit eta 2019ko azaroan hasi nintzen poltsen kontuarekin. Beasaingo denda batek esan zidan nire ustez funtzionala eta praktikoa izango litzatekeen poltsa bat egiteko, eta berari gustatuz gero, dendan jarriko zuela. Eta hala izan zen; poltsa berezi samar bat egin nuen, eta dendariak ez zeukanez antzeko produkturik, bere dendan jartzea erabaki zuen.
Nola izan zen azkenean zure marka legeztatzeko pausu hori? Aldaketaren bat nabaritu duzu?
Bai, aldaketak ekartzen dituzu, baina beti positiboki. Hasieratik aholku oso onak eman dizkidate, lehenengo poltsa egin nuen momentutik. Hortik aurrera izan nuen oihartzuna eta gero, aholkulari baten eskutan jarri nintzen. Gauzak aurrera zihoazela ikusi nuenean, marka erregistratzea erabaki nuen eta autonomo gisa jarri nintzen. Gero pandemia heldu zen eta horrek ere aldaketa asko ekarri zituen, azkenean musukoak egiten hasi nintzelako. Nire hornitzaile batzuekin kontaktuan jarri nintzen eta beraiek izan ziren musuko homologatuak egiten lagundu zidatenak.
Koronabirusaren kontuak bultzada bat eman zizula esan genezake?
Egia esan bai. Egoera txarrek gauza onak ekartzen dituzte batzuetan, eta nire kasuan halaxe izan da. DYA eta Gurutze Gorriarekin ere kolaboratu nuen. Hasiera batean jendearentzako musukoak falta zirenez, elkartasunez hasi ginen. Lehenengo nire familiarentzako egin nituen, lanean jarraitzen zutenez, beraien lanpostuetan babestu ahal izateko, baina pixkanaka- pixkanaka ahoz ahokoari esker ezagutzera ematen hasi nintzen: nire familiako lankideen artean, lagunen artean… Hasieran poltsak egiteko nituen oihalekin hasi nintzen inprobisatzen, baina azkenean erabaki nuen poltsak alde batera uztea eta forro horiek musukoak egiteko erabiltzea.
Zer dela eta Santacreu izena?
Santacreu nire abizena da. Nire gurasoek txikia nintzenetik irakatsi didate zerbait egitekotan, ongi egiteko. Esan daiteke beraien omenez jarri diodala Santacreu izena nire markari.
Poltsak eta musukoak saltzen dituzu. Etorkizunean produktu gehiago egitea pentsatu duzu?
Poltsak eta musukoak egiten ditut bai. Poltsa azkenean beti modan dagoen osagarri bat da, oso praktikoa eta oinarrizkoa delako. Lehenengo poltsa pertsonalizatua izan zen, eta aukera hori ere ematen dugu. Gabonetan, oparitzeko adibidez, poltsei barrutik jabearen izena jartzen diogu bordatuta. Beti kalitatezko materiala erabiltzen dugu eta askotan modako kolekzio bat amaitzen denean, soberan gelditzen diren oihalekin egiten ditugu: Armani, Emporio, Bvlgari… Gero pandemia heldu zen eta uste genuen hortxe geratuko zela, baina alderantziz. Oraingoz bi gauza horiek soilik saltzen ditut. Hasiberria naiz, eta niretzat garrantzitsuena kalitatezko gauzak egitea da, mimo eta ilusioarekin. Gainera orain musukoak geratzeko etorri dira.
Non eta nola eros ditzake jendeak zure produktuak?
Beasainen Enedur dendan poltsak eta maskarak saltzen dira, eta laister Xalon ere musukoak saltzen jarriko ditut. Horrez gain, Urretxun, Errenterian, Donostian… zabaltzen gabiltz pixkanaka. Instagram bidez ere saltzen ditugu poltsak eta enkarguak; etxera bidaltzen ditugu inongo arazorik gabe.