Hezurbeltzak taldeak kontzertua egingo du etzi Zubipe kiroldegian
Zumalakarregi Museoak antolatutako ekintza da. XX. mendeko immigrazioaren inguruko ikuspegia aurkezten du taldeak emanaldietan. Sarrerak agortuta daude
Hezurbeltzak taldeak kontzertua egingo du larunbatean Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian. Zumalakarregi Museoaren Migrazioak proiektuari lotutako ekintza izango da, Ormaiztegiko Udalaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin. Sarrera guztiak agortuta daude.
Herenegun izan zen emanaldiaren aurkezpena, Zumalakarregi Museoan. Bertan izan ziren Jon Maia bertsolaria eta Hezurbeltzak taldeko kidea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Lurdes Azpiazu museoko koordinatzailea eta Mikel Alberdi museoko komisarioa.
Zumalakarregi Museoaren Migrazioak proiektuko ekintza izango da kontzertua. Alberdik azaldu du Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketaren harira antolatu dutela emanaldia. XIX. mendeko euskal migrazioa aztertzen du erakusketak, eta gaur egungo migrazioa eta garai hartakoa parez pare jartzen ditu: «Hezurbeltzakek XX. mendean jasotako immigrazioaren ikuspegia aurkezten du eta interesgarria iruditu zitzaigun horrelako ekimen bat antolatzea», esan du Alberdik. Jon Maia bertsolariak, Gorka Hermosa soinujole urretxuarrak eta Jesus Prieto ‘Pitti’ gitarrajoleak osatzen dute Hezurbeltzak.
Bi urteko ibilbidea
Duela bi urte eman zuen taldeak lehenengo kontzertua Zumarragako Etxeberri auzoan. Auzo hori Espainiako hainbat tokitatik etorritako immigranteez osatutako auzoa da batez ere: Andaluziatik, Extremaduratik, Asturiasetik, Gaztelatik… «Beste ehunka etorkinen artean, nire abuelo, abuela eta izeba-osabak bertan ezarri ziren», azaldu du Maiak. Etorkinez sortutako beste hainbat auzoren antzera, Etxeberri auzoa ere herrigunetik aparte dago: «Askotan herritik aparte xamar zeuden eremuetan jartzen zituzten; hemengo baserritarrak bezala, lurrari lotutako jendea zen, baina hemen ez zuten ez etxerik, ez lurrik, eta bizitza berri bat bilatzera etorri ziren». Horregatik egin zuten lehenengo kontzertua Etxeberrin.
Hezurbeltzak izena ere garai hartako gertaeretan oinarrituta aukeratu zuten: «Etorkinei esateko moduetako bat zen hezurbeltzak; mantxurrianoak, belarrimotzak…guri hezurbeltzak gustatu zitzaigun gehien eta horregatik hartu genuen».
Izan ere, XX. mendeko migrazioa lantzen dute emanaldietan, besteak beste: «Saiatzen gara kulturatik nahiko gai korapilatsua eta gatazkatsua izan dena tratatzen». Maiak azaldu du «politikagintzatik edo soziologia aldetik» murriztuagoa dela transmititzeko aukera: «Uste dut kulturak ematen duela aukera hori, bide bat da gozatuz edo sentituz horrelako gaietara sarbidea edukitzeko». Umorea ere Hezurbeltzak taldearen emanaldietako ardatzetako bat da: «Ikuskizun berezia ematen saiatzen gara, ez ohiko kontzertua, baizik eta publikoarekin dauden barrera horiek gaindituz», azaldu du bertsolariak. Beraz, ikusleek musika, umorea eta hausnarketa uztartzen dituen emanaldiaz gozatuko dute.
Alberdi museoko komisarioak gehitu du neurri guztiak hartu dituztela segurtasuna bermatzeko. Kiroldegiko edukiera murriztu dute, eta 120 pertsona inguru egongo dira. 19:00etan hasiko da eta sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.
Elkartzeko gogoz
Maiak antolatzaileei eskerrak eman dizkie ekintza kulturalak egiteagatik: «Bizitzen ari garen garai hauek ez dira errazak kulturan aritzen garenontzat; orain publikoa elkartzea zailtasun bereziko ariketa bihurtu da eta sortzetik bizi garenok publikoa behar dugu», adierazi du. Gehitu du ikusleek ere eskertuko dutela: «Jendea gosez dago zerbaiten bueltan elkartzeko, elkarrekin emozioak sentitzeko eta horrelako liturgiak egiteko, kontzertu bat izan daitekeen bezala».
Hezurbeltzak taldearen hurrengo kontzertua hilaren 9an da, Gasteizko Jimmy Jazz-en.