Onddo gutxi garai honetarako
Barazki eta frutetan oso aukera zabala izan da Ordiziako azokan. Mikologia atalean aldiz, mota eta kantitate gutxi izan da, eta denak kanpokoak.

Udako tomate, piper, leka… oraindik dezente. Luzez iraungo duten kuia, erremolatxa, azenario, porru… eta ia neguan ere hor izango ditugun zerba, borraja, aza,brokoli eta hasi berri diren azaloreak. Urtean zehar barazki postuetan noiznahi ikusten badira ere, gure baratzetan eta bereziki aire librean hemendik aurrera da hauen garaia. Euroan bakoitza salgai atzo Lurdes Zurutuza Ataungoaren postuan, ondoan eta prezio berean baita brokolia ere. Geroz eta babarrun beltz aletu gehiago ikusten da, 12 eta 14 euro artean kiloa.
Sagar aukera handia dago postu ezberdinetan. Atzo Topak motakoa ekarri zuen lehen aldiz Joxe Antonio Aizpuru errezildarrak: «Sagar gazi-gozo urtsua, gordina jateko oso ona eta salduenetakoa». 2,5 euroan kiloa. Irasagarra ere postu ezberdinetan 2,5-3 euroan kiloa. Pikua, marrubia eta laster hasiko diren kiwi eta mizpiren zain.
Onddo salmenta, garapena
Mikologia atalari begiratuz, gauden garairako oso kilo eta mota gutxi zen. Urtean zehar aste gutxi izaten da azokan batere perretxiko, ziza edota onddorik gabe. Euskal Herrian ez bada kanpotik inguratzea oso normalizatua dago. Kilo asko saltzen da urtean zehar eta estimazio handikoa da onddoa batez ere. Halere adinekoek kontatzen dutenez, «guk gibelurdina beti, baino onddoa ostikoka ibiltzen genuen», dio Klaudio Mendizabal zeraindarrak edo «etzanda jarri eta garo azpitik begiratu eta piloa ikusten zen, inork ez zuen biltzen eta», gaineratu du Pepita Aiestaran Orendaingoak. Ahizpa Kontxik berriz, urte asko pasa ditu azokan postua jarri eta etxeko barazkiak eta arrautzak saltzen: «Gure ama orain 45 bat urte hasi zen ekartzen etxe inguruan asko ateratzen zen baina guk ez genuen jaten. Donostialdeko jendea hasi zen biltzera etortzen eta gero Donostialdeko jatetxeetakoek hemen bertan eskutatik kentzen zizkioten saskia ikusi orduko». Jateko ohiturarik ez izatearen arrazoiaz, «olio asko behar du eta orduan oso garesti zen zerri gantza erabiltzen zen olioaren ordez». Joxe Urbizu Segurarrak baieztatu digunez «1940 inguru horretan 100 pezeta zen olio litroa eta eguneko 6,60 eta 11,25 pezeta artean pagatuak ginen fabrikan, hortik kontuak atera». Aurten ikusgai oraindik hemengo edo kanpokoa izan onddorik izango ote den.