Gipuzkoako txapelketako hirugarren jardunaldia gaur eta bihar
Gaur arratsaldean, hiru partida izango dira txapelketaren barruan
Sailkapeneko lehenengo postuetan kokatzeko garaipen garrantzitsuak lortu dituzte Oianguko bikoteek Gipuzkoako larruzko paletako txapelketan. Lehenengo mailan lehiatzen ari diren bi bikoteak irabazle izan ziren iragan asteburuan jokatu zen bigarren jardunaldian, aurkari gogorrak mendean hartuta.
Xabier Ibarguren eta Martin Mendiakoa 34-35 gailendu zitzaien Euskal Jolaseko (Deba) Lopez-Etxeberriari. Garaipena baita ere Oiangu pilota elkarteko beste bikote batentzat. Izan ere, Aitor Luzuriagak eta Oier Alkortak 25-35 irabazi zieten Realeko (Donostia) Begiristain-Vigeoni. Hala, Oianguko bi bikoteek urrats bat eman zuten finalerdietarako sailkatzeko aurkari zuzenen kontra.
Bigarren mailan, albiste gazi gozoak Goierriko taldearentzat. Hodei Irastorzak eta Iñaki Agirrek 21-35 irabazi zioten Altzatarrako (Donostia) Auzmendi-Polo bikoteari, eta txapelketako lehenengo garaipena eskuratu zuten horrela. Patxi Roperok eta Garikoitz Agirrezabalek, berriz, ezin izan zioten aurreko asteko garaipenari segida eman, eta 25-35 galdu zuten EPLEko (Errenteria) Eyheramendy-Martinezen kontra.
Asteburuko partidak
Goierriko pilotariek Gipuzkoako txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatuko dute egunotan. Gaur arratsaldean, hiru partida izango dira txapelketaren barruan, 19:45ean hasita, Olaberriko udal pilotalekuan.
Luzuriagak eta Alkortak irekiko dute gaurkoa, eta Euskal Jolas taldeko bikotea hartuko dute etxean. Ondoren, Ibargurenek eta Mendikoak Realaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Irastorza-Agirre eta Andoaingo Gaztelekuren arteko norgehiagoka izango da gaurko hirugarren eta azken partida.
Bihar, larunbata, Mikel Sanchezek eta Zuhaitz Letamendiak Donostiako Altzatarraren kontra jokatuko dute, etxean, Olaberriako pilotalekuan, 11:00etatik aurrera.