Itsasoen kutsaduraz mintzatzeko berrabiatuko da Lemniskata gaur
Koronabirusaren ondorioz martxotik aurrez aurreko hitzaldiak eman gabe doazen arren, gaur itzuliko dira berriro aretoetara, Lazkaon
Koronabirusaren izurriteak eragotzita, Lemniskata zientzia elkartea martxoaren 6tik aurrez aurreko hitzaldirik eta ekitaldirik antolatu gabe egon da. Bien bitartean, telematikoki burutu dituzte zenbait jarduera, baina gaur itzuliko dira berriro aretoetara, Lazkaon.
Ibon Cancio Uriarte ikertzaile bakioarra gonbidatuko du Lemniskatak berrabierarako. Itsasoan kutsadura eta itsas bizidunen komeriak hitzaldia egingo du, Lazkaoko kultur etxeko aretoan, gaur 19:00etan.
Gaurkotasun handiko gaia «modu atseginean» jorratuko du Canciok: gizakiak itsasoetan eta ozeanoetan eragin duen kutsadura isurketa, eta eragiten ari den hondamendi naturala.
Gai kimikoen kaltea
Biologoa formazioz, 2000tik irakaskuntzan dabil Cancio. EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Ingurumenaren kutsadura eta toxikologia master ofizialaren koordinatzailea da. Ikerketa egonaldiak Galesen, Amsterdamen, Alemanian, Eskozian eta Lovainako unibertsitatean egin ditu.
Dibulgazioari dagokionez, 176 komunikazio, 9 liburu eta 60tik gora artikulu ditu argitaratuak. Lazkaoko gaurko hitzaldian, itsaspeko bizia azalduz hasiko da, eta haren osasuna bermatzeko kutsadura saihestearen garrantzia aldarrikatuko du. Konposatu kimikoek itsas ekosistemetan zer kalte eragin duten erakutsiko du, disruptore endokrino kutsataileetan zentratuz.