Sotorentzat 5. Guinness errekorra
Munduko beste marka bat jarri du Juan Carlos Diez Soto ormaiztegiarrak: ipurtezurrarekin pistatxoak hautsi ditu oraingoan, intxaurrekin zuen errekorra zailduta. Errumanian izan da.
Nork esango zuen orain 30 urte baino gehiago sagardotegian lagunartean hasitako burutazio hark horren bide luzea egingo zuenik. Juan Carlos Diez Soto daukan abildadea lantzeaz eta mundu mailan zabaltzeaz arduratu da. Bost Guinness errekor lortzeraino. Ipurtezurrarekin intxaurrak hausten lehen zeuzkan lau marken gainetik, balentria gehiago zaildu, eta pistatxoekin ezarri du oraintsu munduko errekor berria.
Kupel artean hasitakoarekin, Errumaniaraino bidaiatu du oraingoan. Antena 1 telebista katean Errumaniako bigarren katea da hedapenean Iumor programan (umorea, errumanieraz) parte hartu du. Abuztuaren 15etik 19ra egon ziren Bukarest hiriburuan Soto hala deitzen diote lagunek eta Valentin Minoiu lankidea; hiri hartatik 200 kilometrora jaioa da Minoiu, eta Beasainen bizi da. Gidari eta itzultzaile jardun da Sotorekin.
Iumor programan grabatutako errekorra, irailaren 20an emititu zuten telebistan. Errumaniako prentsan ere izan du oihartzuna. Ikuskizun-lehiaketa modukoa da, eta gustukoena bozka dezakete ikusleek. Finalera sartzeko aukera du Sotok, lehen postuetan geratzen bada. Beste errekor saiakera bat suposatuko luke, lesio bat tarteko, ez baitzen %100ean joan.
Telebistakoek proposatu zioten Sotori errekor berria jartzeko ahalegina. «Lehenengo erakustaldia egin nuen intxaurrak hausten. Gero, pistatxoekin marka saiakera», dio Sotok.
Minutu batean 35 pistatxo
Joan, esan eta egin. Minutu bateko denboran lurrean 10 bat zentimetroko tarteekin eta ilaran jarritako 35 pistatxo hautsi zituen Sotok ipurtezurrarekin. «Guinness errekorra da, eta telebistak berak egingo ditu tramiteak Ingalaterrako marken erakundearekin. Euskal Herrian Guinness gehien edukiko dituena izango naiz, seguruenik». Domina eta diploma noiz jasoko zain dago orain.
Intxaurrak hausten, egia esan, tradizio bat sortu du Sotok. «Jende asko dabil orain, toki askotan. Beste bide bat ireki dut orain, pistatxoekin. Bereziagoa da. Aleak txikiagoak direnez, zehaztasun gehiago behar da eta indar gehiagorekin jo behar da».
51 urteko ormaiztegiarra konfinamenduan hasi zen prestatzen, balkoiko DJ lanekin batera. Fisikoki ez da txantxa, eta entrenatu egiten da. «Errumaniako proba dardarka bukatu nuen. Belauneko lotailuak sendotzea da garrantzitsuena. Minutu oso leherkorra izaten da, eta bi belaunen erresistentzia behar da». Pikotxeko posturan jarri eta lurreraino jaitsiz apurtzen ditu.
Jarraitzeko asmotan
Gogoan du Sotok sagardotegiko hasiera, kuadrillakoekin. «18 urte genituen, eta umorea soberan. Gorostidi zenak tentatuta hasi nintzen hausten. Leturiak eta Aldanondok grabatutako lehen bideoekin zabaldu zen». Madrilen, Milanen, Erroman eta Istanbulen ere izana da geroztik.
Eta erronka berriekin pentsatzen ari da, une oro. «Pistatxoa Irangoa da, eta ea hara iristen garen». Guinness gehien dituenaren Guinnessa dago jokoan.