Zaldibian festarik ez dela ospatuko gogorarazi, eta arduraz jokatzeko eskatu dute bi udal taldeek
Adierazpen bateratua onartu dute EH Bilduk eta EAJ, astelehenean hasiko ziratekeen Santa Fe jaien garaiari begira. Festak ospatzeko momentua ez dela diote, "ezta gaizki deitutako ez-festak egitekoa ere".
Zaldibian ez da aurten herriko festa nagusirik ospatuko, COVID-19aren egoerak behartuta. Festa Batzordeak ez du inolako egitaraurik antolatu Santa Fe ingururako. Berez, urriaren 5ean hasiko ziratekeen jaiak, eta hurrengo asteburuan amaitu. Baina izurriteari aurre egiteko eta koronabirusa ez hedatzeko, bertan behera geratu dira aurtengoak.
Horren aurrean, Zaldibiako Udalbatzan ordezkaritza duten bi alderdiek adierazpena adostu zuten atzoko udalbatzarrean, eta gaur zabaldu dute. “Irailaren 3ko herri batzarrean hala berretsi zenez, aurten ez da festarik ospatuko Zaldibian. Udalbatzako kideok benetan uste dugu ez dela festak egiteko momentua, ezta gaizki deitutako ez-festak egitekoa ere”, diote EH Bilduko eta EAJko zinegotziek aho batez onartutako adierazpenean.
Garai hauetan, indarrak “gure herria berreraikitzeko eta jaikitzeko bidean” jartzeko unea dela erantsi dute. “Hainbat sektore eta familia egoera benetan larrian daude. Ezin dugu berriro atzera egin, beraz; ez behintzat festa egiteagatik”.
Herritarrei “arduraz eta elkartasunez” jokatzeko eskatu diete bi udal taldeek. Kanpotik Zaldibiako festetara joateko ohitura dutenei, berriz, aurten ez joateko eskatu diete. “Horretarako, bere esku dauden neurriak hartuko ditu udalak”.
Zaldibia adierazpena 2020-10-1
Udazken Bizia egitaraua
Irailaren hasierako bileran hala erabakita, Santa Fe jaietarako izendatutako diru sailak kultura ekitaldietarako bideratuko ditu udalak. Udazken Bizia egitaraua antolatu dute udalak, herriko eragileek eta elkarteek, urriaren 15etik azaroaren 20ra garatuko dena. Bi udal taldeek bat egin du “festak bertan behera uzteak dakartzan kalteak arintzeko” osatuko den ekintza-programa bideratzearekin. Herritarrei ekitaldi horietan parte hartzeko gonbita ere egin diete.
Programa:
- Urriaren 15ean eta 22an, ostegunak. Buruarinak egiteko tailerrak, haurrentzat.
- Urriak 18, igandea. ‘Errimak bi oinetan’ ikuskizuna, Restin, 18:00.
- Urriak 23, ostirala. Bertso jaialdia, Zapiak Bat elkarteak antolatuta, Restin, 19:00. Amets Artzallus, Ane Zuazubiskar, Jon Maia eta Nerea Ibartzabal. Zapi Janztea saiorik ez da egingo aurten, eta horren ordezko da jaialdi hau.
- Urriak 30, ostirala. Txan Magoaren ikuskizuna, Restin, 17:30ean.
- Urriak 30, ostirala. Andoni Ollokiegi musikariaren kontzertua, Restin, 22:00etan.
- Azaroak 7, larunbata. Gozategi Akustikoan kontzertua, Restin, 19:00etan.
- Azaroak 15, igandea. Trapu Zaharrak konpainiaren Turistreatzen antzerkia. Restin, 18:00etan.
- Azaroak 20, ostirala. Erik eta Win ikuskizuna. Restin, 22:00etan.
- Azaroaren 6tik 15era. Ohe elastikoak, Hugo eta Eusebio atrakzio etxekoak. Antzoki ondoko aparkalekuan.
Ekitaldien sarrera doan izango da, baina sarrera aurrez erreserbatu beharko da, egingo den astearen hasieratik, kultur etxean. Pertsonako 5 sarrera hartu ahalko dira gehienez, eta Zaldibian erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Resti pilotalekuaren jende-edukiera mugatu egingo dute.
Zehaztutako egitaraua horni daiteke oraindik. Zaldibiako elkarteak eta taldeak ekitaldi gehiago antolatzen ari dira.
Mondeju pintxoa erosteko bonua
Zaldibiako Udalak, bestetik, herriko tabernetan mondeju zuriaren kontsumoa bultzatzeko bonuak atera ditu. Urrian zehar, tabernetan mondeju pintxoa erosteko euro 1eko bonuak saltzen ari dira, udaletxean. Ondoren, tabernan 2,20 euro balioko du. Hain zuzen, jaien hasierako egunean ohitura da mondeju banaketa egitea plazan. Aurten halakorik ezin egin daitekeenez, herritarrei tabernetan hartzeko bidea erraztu diete.
Guztira 1.500 bonu jarriko ditu udalak salgai. Urriaren 10era arte herritar bakoitzak bi erosi ahal izango ditu gehienez. Hortik aurrera, gastatu ez badira, nahi adina erosteko aukera irekiko da. Bonuak urrian eta azaroan erabili beharko dira.