'Aralar, mundua leku den lurra', Natura 2000 sarietako finalista
Komunikazio arloko lan onena izateko bost finalistetako bat da Landarlan elkarteak eta On Produkzioak ekoiztetxeak eginiko dokumentala.
Landarlan elkarteak eta On Produkzioak ekoiztetxeak eginiko ‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentala Natura 2000 sari banaketako hautagaietako bat da. Finala urriaren 14an egingo da. Natura 2000 sariek Europako Batasunean azken bi urteetan egin diren ingurumenari buruzko lan onenak sarituko dituzte.
Donostiako Principe aretoan estreinatu zutenetik hainbat sari eskuratu dituzte. Besteak beste, Mammoth Mountain hiriko (Kalifornia) Mendi Filmen Jaialdiko Mendiko kultura eta ingurumen saria eta Ukerdi Mendi Filmen Jaialdiko (Erronkari, Nafarroa) gidoi onenaren saria irabazi ditu.
Komunikazio arloko garaikurraren lehian egoteaz gain, hiritarren saria ere eskuratu dezakete. Herritarrek telematikoki haien ikus-entzunezko gogokoena bozkatu dezakete. 27 daude denera, eta Landarlanek aitortu duenaren arabera, ‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentalak botu asko jaso ditu.