Iparragirreren bisita gidatua igande gastrokulturalean
Jose Maria Iparragirreren bizitza ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urretxuko Udalak elkarlanean. Gainera, igande gastrokulturala ere ospatzen da gaur. Alde zaharreko lau tabernek pintxoak dohain emango dituzte.
Jose Mari Iparragirre musikariaren bizitza gertutik ezagutzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urretxuko Udalak bisita gidatua prestatu dute. Ondarearen Europako Jardunaldien eta Iparragirre 2020ren barruan antolatu dute.
Iparragirre plazan batu dira parte hartu duten herritarrak, eta musikariaren bizitzarekin lotzen diren guneak bisitatu dituzte. Bere bizitzaz gain, bere garaiko historia ere errepasatu da. Besteak beste, XIX. mendeko egoera politikoa, ekonomikoa edo soziala nolakoa zen gogoratu da. Bisita gidatua udaletxean amaitu da. Bertan, bere familiaren argazkiak eta XIX. mendeko jantziak jarri dituzte ikusgai. Urretxuko kaleak, gainera, bere musikarekin eta bere abestien letrekin girotu eta apaindu dira.
Igande gastrokulturala ere ospatzen da gaur Urretxun. Alde zaharrean kokatzen diren lau tabernek pintxo bat emango dute dohainik edaria eskatuz gero. Aldapa, Ezkurra, Goiko Kale eta Navarro tabernetan dastatu ahal izango dira pintxoak. Taberna horiek Iparragirreren argazki bat dute atarian. Kalean ez ezik, taberna barruan ere Iparragirreren musika egongo da entzungai.