Ordiziako mendi maratoi erdian izena emateko epea zabalik da
Urriaren 18an, igandean, jokatuko da Ordiziako Mendi Maratoi erdia goizeko 9:00etan hasita. Larraitzen hasi eta amaitzen den lasterketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago kronoak.eus atarian.
Urriaren 18an, igandean, jokatuko da Ordiziako Mendi Maratoi erdia goizeko 9:00etan hasita. Larraitzen hasi eta amaitzen den lasterketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago kronoak.eus atarian. Maratoi erdia jokatu baino bi egun lehenago, urriaren 16an, amaituko da izena emateko aukera. Lasterkariek 18,00 euroko tarifa ordaindu beharko dute.
20,5 kilometroko ibilbidea Larraitzen hasiko da. Alotza eta Igaratza larreak gurutzatuko dituzte, berriz ere Larraitzen amaituz. Ibilbide osoa lau ordupean bukatu beharko dute korrikalariek, bi ordu igaro baino lehen Igaratzara iritsiz. Bi denbora kontrol hauek betetzen ez dutenek probatik kanpo geratuko dira.
Hiru kategoria sailkatuko dira Ordiziako Mendi Maratoi erdian: Master+45, Senior, eta -23; mutiletan eta nesketan.
COVID 19a dela eta korrikalarientzat neurri bereziak
Parte hartzaile guztiek tenperatura hartu beharko dute eta 37 gradutik gorako emaitza ematen dutenek, ezingo dute proba gauzatu. Beroketa lanak musukoarekin egitea derrigorrezkoa izango da. Irteeran, lasterketa hasi bezain laster kendu ahal izango dute musukoa. Helmuga zeharkatutakoan berriz ere musukoaren erabilera nahitaezkoa izango da. Horrez gain, anoa postuetan musukoa jartzea ere derrigorrezkoa izango da. Ilarak segurtasun distantziak mantenduz itxaron beharko dira.
Irteera mailakatua
Jende pilaketak ekidite aldera, 200 partaideak 30na irtengo dira, alegia, 30etik 30erako irteera mailakatuak egingo dira bi minuturo. Metro eta erdiko segurtasun distantzia betetzen dela egiaztatuko dute antolatzaileek, 45 metroko luzera hartuko duten hamar ilara egingo dira, korrikalari bakoitzak irteera puntua esleitua duelarik. Jende pilaketak saihesteko, ez da sari banaketa presentzialik izango.