Arkatzak gogoz heldu dio ikasturte berriari klaseekin eta bi lehiaketekin
Marrazketa ikastaroak irailean hasi dira, segurtasun neurri zorrotzekin. Haurren lehiaketan lanak aurkezteko epea amaitu da, Joxe Martin Etxeberriarena azarora arte
Arkatza marrazketa eta pintura elkarteak egun batetik bestera eten behar izan zuen bere jarduna martxoan, konfinamendurako agindua iritsi zenean. Ondorioz, marrazketa eta pintura ikastaroak bertan behera geratu ziren, baita udako eskaintza eta elkarteak urtero maiatzean antolatu ohi izan duen haurrentzako marrazki lehiaketa ere.
Konfinamendua amaitu zenean, Arkatzak bere jardunaren zati bat berreskuratu ahal izan zuen, eta ekain amaieran hasita, ikastaroetara itzultzeko aukera eman zien ikasle helduei, segurtasun neurri zorrotzak hartuta. Abuztuko oporraldiaren ondoren, berriz ere martxan dira ikastaroak, eta ikasturte berrirako eskaintza murriztu egin behar izan badute ere, legazpiarrak itzuli dira kultur etxeko klaseetara. Une honetan, ikastaro horiez gain, bi lehiaketa ere baditu esku artean Arkatzak.
Ikastaroak, murrizketekin
Marrazketa eta pintura ikastaroak haurrei eta helduei zuzenduta daude, eta kultur etxean Arkatzak dituen hiru geletan ematen dira, egutegi eta ordutegi desberdinekin.
COVID-19a dela eta, hainbat neurri hartu behar izan dituzte, eta besteak beste, gela bakoitzeko edukiera murriztu egin dute eta garbiketa areagotu. Bestetik, irakasleek eta ikasleek maskara erabili behar dute uneoro klase garaian, eta materiala ezin dute partekatu.
Neurri horiek hartuta ere, ikasleak gustura joaten dira, marrazteko eta margotzeko zaletasuna garatzeko aukera dutelako. Egoera berri horrek ez du ia eraginik izan matrikula kopuruan.
Bi lehiaketa martxan
Arkatzak antolatu ohi izan dituen lehiaketetan ere eragin du COVID-19ak, eta maiatzean haurrei zuzenduta antolatzen dena eta irailaren amaieran aire librean Jose Martin Etxeberria izenez egin ohi dena urrian eta azaroan zehar egingo dira, baina hainbat aldaketa eginda.
Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako lehiaketa da haurrena. Kalean egiten da, eta egunean egindako lanak aurkezten dituzte partaideek. Aurten, ordea, etxean egindako lanak aurkeztu behar izan dituzte haur eta gaztetxekoek; atzo zen kultur etxera lanak eramateko azken eguna, eta deialdiak erantzun ona izan du. Sariak urriaren 16an banatuko dituzte 19:00etan kultur etxean, eta ondoren hilaren 30era arte ikusgai izango den erakusketa irekiko dute.
Antzeko formatuarekin deitu du Arkatzak Joxe Martin Etxeberria pintura lehiaketa ere, kalean egin beharrean, etxean egindako lanak aurkeztu beharko direlako honetan ere. Gaia librea da, eta lanak 130 x 97 cm-koak izango dira. Margolariek azaroaren 20ko 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak kultur etxean. Hiru sari banatuko dira; lehena, 500 eurokoa, bigarrena 350 eurokoa, eta herriko onena, 300ekoa. Sari banaketa azaroaren 27an egingo dute.