Ataungo hirugarren sektorearentzat diru laguntzak izango dira
Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu alorrerako laguntzak emango ditu udalak. Olalde auzoa berritzeko lanean ari dira.
COVID-19aren egoerak eginarazitako obren eta azpiegituretako inbertsioen gastuak arintzeko, aldundiaren diru laguntza programa batekin bat egin du Ataungo Udalak. Irailaren 24ko osoko bilkuran onartu zituen udalak oinarriak, eta herenegun ireki zuen eskaerak egiteko epea, azaroaren 30era arte. Euskaraldiari babesa eta bultzada emateko mozioa ere aho batez onartu zuen udalbatzak.
Diru laguntza merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu arlokoentzat zuzenduta dago. COVID-19ari aurre egiteko eta beren zerbitzu-jarduera burutu ahal izan zezaten, zerbitzuan osasun-prebentzio inbertsioak egokitzeko gastuak finantzatuko ditu, martxoaren 13tik azaroaren 30era artekoak. Atauni 15.000 bat euro bideratuko dizkio aldundiak, eskatzaileen artean banatzeko.
Olalde berritzeko lanean
Udal gaien artean, San Gregorioko Olalde etxadian zorua berritzeko lanak hasita daude. Urteko azpiegitura-inbertsio handiena da udalarentzat, 40.000 euro ingurukoa. Espaloi hondatua altxatu, eta inprimaturiko hormigoiz berrituko dute kalea.
Irailean, bestetik, San Gregorioko Elkargunea eta mediku-kontsulta margotu zituzten. Arrondon, berriz, iturri ingurua txukundu dute.
San Martingo Gaztelekua ere martxan da. Gurasoekin bilerak egin ondoren, lehengo astean zabaldu zuten gaztetxoentzat. Edukiera 14 lagunera murriztu dute, eta adin bereko taldeak sartuko dira aldiko.