Biribilgune bat egingo dute Aparizio auzotik auto gutxiago pasa daitezen
Datorren urteko ekainerako prest egongo da. Aparizio gaineko bidegurutzea dagoen tokian egingo dute. Irimo ondoko bidegurutzea erabili beharra galeraziko du
Urretxuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute Aparizio auzoaren goialdean, bidegurutzea dagoen tokian, biribilgune bat egiteko. Biribilgune honen helburuetako bat Aparizio auzotik auto gutxiago pasatzea da. Aurrekontua 586.166 eurokoa da eta datorren urteko ekainerako prest egotea espero dute.
Inguru hartan lau bidegurutze eta biribilgune bat daude eta horrek segurtasun arazoak sortzen ditu. Udala Hirigintza Plana prestatzen ari da eta Gipuzkoako Foru Aldundiari inguru hartan arazoak daudela jakinarazi zion. Bereziki, Kaminpe ondoren dagoen bidegurutzearen inguruan. Izan ere, bidegurutze horrek Zumarraga goialdetik Mugitegira, Legazpira eta Urretxura joateko balio du. Duela gutxi semaforoak jarri ziren, baina oraindik arazoak daude.
Gainera, Telleria enpresa Irimoren pabiloiak botatzen ari da eta bertan pabiloi berriak egingo ditu. Pabiloi hauek sarrerak beharko dituzte eta Mugitegiko F bidearen sarreran eta Sarralderen sarreran eragina izango dute.
Hori guztia dela eta, alternatiba ezberdinak lantzen hasi ziren. Azkenean, Aparizio gainean (Gurutze Gorriaren postuaren ondoan) dagoen bidegurutzean errotonda bat egitea erabaki dute. Biribilgune horretatik Mugitegira joan nahi dutenek, erreil bat izango dute beraientzat: Zumarraga aldera irten eta ezkerretara jo ahal izango dute hurrengo bidegurutzean. Egun, bidegurutze horretan ezin da ezkerretara jo. Hala, Irimo enpresaren ondoko bidegurutzea (semaforoak dituena) itxi egin ahal izango dute, ez baita beharrezkoa izango ez Bergarara joateko, ez Mugitegira joateko eta ezta Legazpira edo Urretxura joateko. Bidegurutze horretan istripu larriak egon dira. Udalaren asmoa bidegurutzea dagoen tokian espaloia jartzea da. Hala, Aparizio auzoko bizilagunak zebrabiderik pasa gabe joan ahal izango dira herrigunera.
Egungo biribilgunea, biribilgune berria eta Kaminpe ondorengo bidegurutzea nahikoa izango dira toki guztietara joateko. Obra datorren urtean egingo da eta aldundiak ordainduko du. Datorren urteko ekainerako listo egotea espero dute.