Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa jokatuko da igandean Idiazabalen
Aurten Baserritarren Egunik egingo ez badute ere, lehiaketa mantendu egingo dute, eta Hego Euskal Herriko 40 artzain gaztarik onenak ariko dira lehian. Igarondo frontoian eta aforoa murriztuta egingo dute.
Urtero urriaren 12ann inguruan artzain gaztari lotutako ekitaldi garrantzitsu bat antolatzen dute Idiazabalen: Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa. Aurten igandean izango da, urriaren 11n. Igarondo frontoian egingo dute murriztutako aforoarekin, eta streaming bidez ikusi ahal izango da. Txapelketaz gain, gazta salmentarako postua ere jarriko dute.
Hego Euskal Herriko 40 gaztarik onenak izango dira lehian. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako txapelketetan sailkatutako 10 gazta onenak ariko dira lehian Latxa ardi esne gordinarekin egindako gaztarik onena hautatzeko. Lau epaimahai izango dira eta mahai bakoitzean gaztagile aditu bat, artzain bat eta Idiazabal Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko dastatzaile ofizial bat egongo da. Haiek dastatuko dituzte 40 gazta horiek 2020ko gaztarik onena aukeratzeko.
Lehiaketa 10:30ean hasiko den arren, publikoa 12:00etatik aurrera sartuko da frontoira. 12:00etatik aurrera ere, Goierri Telebistak zuzenekoa eskainiko du, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, Artzai Gaztaren, Idiazabalgo Udalaren eta Goierri Telebistaren webguneetan. Lehiaketaz aparte, herritarrek gazta eros dezaten postu bat jarriko dute. Iazko txapelketan Julen Arburua lekaroztarra izan zen garaile. Bigarren Olaberriko Aizpea gaztandegiko Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta sailkatu ziren, eta hirugarren Ordiziako Otatzako Joseba Insausti.
Baserritarren Eguna
Artzai Gazta elkarteak ohar batean adierazi duenaren arabera, «sektoreari laguntzearren» erabaki dute aurtengo txapelketari eustea: «Aurten ezin izan dira ohiko azoka eta merkatu asko egin eta horrek gure artzainen zuzeneko salmentetan eragin zuzena izan du». Horrela, Artzai Gazta elkarteak «apustu» egin du herrialdeetako eta Euskal Herriko txapelketak antolatzearen alde, «gure artzain gaztaren zapore onaren atzean dagoen lana eta ahalegina balioan jarriz».
Gazta txapelketarekin batera, Baserritarren Eguna ere egin izan dute; aurten, ordea, ez da Baserritarren Egunik izango baserritarrek hala erabaki dutelako pandemia egoera dela eta.