Gurutze auzoan babestutako 24 etxebizitza egiten ari dira
Babestutako 24 etxebizitza eraikitzen ari dira Urretxuko Gurutze auzoan. Lanak 2022ko ekainerako bukatuta izatea espero dute.
Urretxuko Gurutze auzoan babestutako 24 etxebizitza egiten ari dira. Obra 2022ko ekainean bukatuko da. Etxe hauetako bat erosteko edo informazioa jasotzeko, udaletxera jo behar da.
Urretxuko Udalak eta etxebizitzak egiten ari direnek 2019ko ekainean sinatu zuten hitzarmena aldatu egin behar izan dute. Izan ere, sustatzaileak finantziazio arazoak zituen eta horrek babestutako etxebizitzen eraikuntza arriskuan jarri zuen. Udalak babestutako etxebizitzen lehen faseagatik dagokion diruaren kobrantza atzeratzea onartu du. Jatorrizko hitzarmenaren arabera, udalak 114.326 euro kobratu behar zituen 2019ko irailaren 5ean. Azkenean, sustatzaileak 21 etxebizitza saltzen dituenean kobratuko du edo, berandu jota, hitzarmena sinatu eta bi urtera. Ordurako kobratzen ez badu, sustatzaileak etxebizitza bat eman beharko dio udalari.
Hitzarmen horri esker, babestutako lehen 24 etxebizitzen eraikuntza hasi ahal izan da. 18 salduta daude jada. Merkeenek 90.000 euro (gehi BEZ) balio dute eta garestienek 146.000 euro (gehi bez).