Igandean egingo dute aire libreko pintura lehiaketa, ohiko formatuan
Lehiaketak urteroko formatua izango du, baina sari banaketa Igartzan egingo dute segurtasun distantziak hobeto kontrolatzeko. Ez da aurretik izena eman behar
Beasaingo Jendaurreko Margo Sariketa etzidamu egingo dute, igandean, 09:00etatik aurrera. 29. edizioa izango da, eta ohiko formatuari eutsi diote antolatzaileek. «Ez da erabaki erraza izan, zalantza asko baikenituen», azaldu du Jokin Telleria antolatzaileak. «Margolariak aire librean egoten direnez eta herrigune osoan zabaltzen direnez, aurrera egitea erabaki genuen», gaineratu du.
Txapelketan parte hartzeko nahikoa izango da margotzen hasi aurretik mihisea zigilatzea. 09:00etan zabalduko da horretarako epea. Oihalak tonu bakarra izan beharko du, erabat lisoa. Zirriborrorik, marrarik edo aztarnarik izanez gero, ez da ontzat balekotzat emango eta ezingo da lehiaketan parte hartu; epaimahaiaren oniritzia jaso ostean, Beasain osoan zabaldu daitezke margolariak. «COVID-19ari dagokionez, kaleko arauak errespetatu beharko dira. Margolaria toki itxi batean edo jende artean badago, maskara derrigorrezkoa izango da». Beasaingo herria eta auzoak da islatu beharreko gaia.
Txapelketaren aitzakian giroa sortzen da Beasainen, asko izaten baitira margolarien lanak ikusteko kalera irteten direnak. Arrano kultur elkartetik gogorarazi dute segurtasun distantziak mantendu behar direla eta pilaketak ekiditeko.
Lanak 14:30ak baino lehen entregatu beharko dituzte, Igartzako jauregian. «Aurreko urtean ere Igartzan egin genuen, baina arrazoi guztiz ezberdin bategatik. Igartza toki aproposagoa dela uste dugu, jendearen joan etorria eta distantziak hobeto kontrolatu ditzakegulako», nabarmendu du Telleriak. Antolatzaileek garaiz ibiltzeko deia egin dute, margolari guztiak azken orduan pilatu ez daitezen. Entrega epea 13:30ean zabalduko dute.
Epaimahaiak 18:30ean jakinaraziko du irabazlea nor izango den. Sarietan 2.000 euro baino gehiago banatuko dituzte: irabazleak, kasu, 700 euro eta garaikurra jasoko ditu. Beasaindar onenak, berriz, 400 euro eta garaikurra. Hemezortzi urtez azpikoentzako sari bereziak egongo dira.
Entregatutako lan guztiak Igartzako jauregian ikusgai jarriko dituzte, datozen bi asteetan. Behin erakusketa amaituta, egileek euren lanak jaso ahal izango dituzte azaroaren 25a baino lehen. Sarituak izan diren lanak, ordea, Beasaingo Udalaren esku geldituko dira. Egileren batek bere lana saldu egin nahi badu, lana entregatzerakoan zehaztu beharko du prezioa.
Bazkaria egingo da
Epaileek lanik onenak zeintzuk diren erabakitzen duten bitartean, lehiakideek Arrano elkartean bazkaltzeko aukera izango dute. Telleriak aitortu du azken unera arte dudatan egon direla jatekoa eskaini ala ez, baina elkarteak beharrezkoak diren neurri guztiak betetzen dituenez, aurrera egitea erabaki dute. 48 lagunentzako tokia egongo da. Lehiaketan parte hartu ez baina bazkaltzera joan nahi duenak aurretik abisatu beharko du. Aldiz, lehiaketan parte hartu eta bazkaltzera joan nahi ez duenari beste aukera bat eskainiko diote elkarteko kideek.