Lehen diskotik urrats bakarrera
Esanezin proiektua sortu eta lehendabiziko diskoa grabatzeko crowfounding kanpaina abiarazi dute gaur, Verkami plataforman. Azaroan estudioan sartu ahal izatea espero dute taldekideek.
Esanezin hitzak esan nahi du «esan ezin daitekeena, azaldu ezin diren gauzei buruz hitz egiten du, ezin adierazgarriari buruz, taldearen izenak ezin adierazizkoa esan nahi baitu», Ianire Aranzaberen (Altzagarate, 1999) hitzak dira, Esanezin taldearen arimetako bat dena. Eta hala segitzen du:«Norberarekin ditugun kontraesanei buruz hitz egiten du, horiei aurre egiteko moduari buruz, eta askotan hitz, gauza, une edo pertsona deskribaezin edo adiera ezin bihurtzen direnei buruz». Esan ezin eta esan daitezkeen gauza asko du esateko Altzagarateko musikari gazteak eta musikaren munduan ematen ari den urrats bakoitza kontatu nahi du, eta, «lehen diskoa grabatzeko ilusioz beteta» dago.
Prozesu horretan, edonork eman dakioke bultzadatxoa. Izan ere, gaurtik hasita, Verkami.com webgunean sartuta, Aranzabek, Oriol Floresekin batera abiarazitako proiektu honi babesa emateko aukera egongo da. Esanezin bikoteak bere lehen diskoa, ahal dela azaroan grabatu nahi du, eta horretarako 2.200 euro inguru bildu behar ditu. Beraz, Crowdfunding kanpaina jarri dute martxan, eta mikromezenasgo aukeraren bidez lortu nahi duten finantziazioa lortzea espero dute. Ekarpen bakoitzak gainera sari bat izango du, hala nola deskarga digitala, formatu fisikoko diskoa, oihalezko poltsak edo kontzertu pribatu bat bezalako sari bereziagoren bat.
Hegan egiten
Ordiziako Musika Eskola eskolan hasi zen musikan trebatzen Aranzabe; musika-hizkuntza, kantua, eta musika-tresna aukeratzeko orduan gitarrarekiko interesa agertu zuen baina ikasturte oso bat itxaron behar izan zuen plaza librea egon arte. Baina ez da denbora galtzea gustatzen zaion emakumea eta bitartean biolontxeloarekin hasi zen.
Esanezin proiektuan bidelagun duen Oriol Flores bateria irakaslea (Bartzelona) ezagutzeko aukera eman zion eskolak. «Magikoa izan zen Flores ezagutzea, motibazio txorrotada bat eta segurtasun pertsonalaren sendotze bat».
Energia gehigarri horren bultzada aprobetxatuz, gitarra eskuetan, bi abesti sortu zituen taldearen ahotsa den Aranzabek. Altzagarate eta Esan Ezin. Bartzelona eta Zestoaren artean grabatutako kantuetan, Garazi Esnaolak laguntzen du pianoan, eta Esan Ezin kantuaren kasuan, Leire Berasaluzek (Lain) bere ahotsa ematen du.
Altzagarate, «nire etxeari eta familiari eskerrak emateko abestia da. Oso auzo txikia da, eta nire familiarekin bizi naiz. Daukagun batasunaz hitz egiten du, handiena txikienean dagoela esaten du. Nire familiari eta etxeari eskainitako abestia da, haien zoriona besterik ez baitut behar. Negua beroagoa da eurekin batera, eta Altzagarate ekaitzaren ondorengo lasaitasuna da».
Bilakaera honetan guztian, konfinamenduak bere alde positiboa izan zuen, lau abesti berri sortzeko baliatu baitzuen. Denbora honetan ere, abestiak jendaurrera eramateko proposamena izan du. Iragan irailaren 26an Oianguko parkean egitekoa zen Aftersun Jaialdiaren aurtengo edizioan parte hartzekoa zen. Eguraldi txarra iragarrita zegoen baina, eta horregatik, bertan behera geratu zen jaialdia antolakuntzak hala erabakita.