Neguko jakiak ugaritzen ari dira
Arto opila, arto irina, bruselazak eta aza mota ezberdinen aukera geroz eta handiagoa da Ordiziako Azokan. Nahiz eta urte guztian egon, Valentziako laranjen garaia da orain.
Goiz epela, 14-16 gradu eta lanbroa urriko lehen ferian. Epel baita Maite Iturbe okinaren postuaren inguruan ere, lurrina baitzerien ekarri zituen arto opilei. Udanako labean goizaldean eginak. Bezeroak zain zituen eta zatika-zatika laster zihoan 6 euro kiloko proportzioan. Garai modu honetan hasi ohi da, lehenxeago ere bai, «eskaeren eta eguraldiaren arabera, hotzak hasi orduko hasten da jendea galdezka» eta udaberrira arte astero-astero egin berriak ekartzeko asmoa du. Bide batez arto irina ere salgai du 3 euroan kiloa. Artoa, taloa, ogi masari nahasteko eta abar geroz eta erabiliagoa ote zenekoa aipatzen zen bezeroen artean.
Aza jateko garai aproposa
Aza gure baratzetan oso ondo etortzen den barazkia da. Estimazio polita du. Azken urte hauetan motak ugaritzen ari dira. Atzo esate baterako Arantxa Zurutuzak lehen Pack txoi motakoa (1,5 euro bakoitza) ekarri zuen, ezezaguna duela urte gutxi. Bruselaza txikiak ere nobedade izan ziren (5 euroan kiloa) M. Jesus Oriak Itsasotik. Kale aza ere, Ordizian azken 3 urtetik honako kontua, hostoak postu ezberdinetan ikusten dira. Eta ohiko azaburuak ez ezik, brokolia, azalorea ugaritzen ari dira. Azarekin ederki uztartzen den indiaba beltza, aletua (12-14 euro kiloa) edo lekan (10-12 euro kiloa) geroz eta postu gehiagotan. Ez dirudi hain urte ona izango denik, egin zituen bero handiak aleari edertzea galearazi diola zioten. Aldiz bakantzen ari dira lekak, «berriak badatoz baina batzuk behintzat gorrinak jo ditu eta ez dakit azkenak ez ote diren izango», aipatu digute. Tomate, piper, kalabazin, berenjena… dezente oraindik.
Valentziako laranja hasi da
Beti Alai frontoira inguratuz, piper erre usaina sumatuko dugu, Jose Luis Amatrianek hortan dihardu goizean goiz hasita; atzo hamaikak aurretik ekarritako guztiak erreak zituen. Hilabete honen bukaera arte jarraituko du. Parean, zuhaiztian fruta eskaintza. Nabarmentzekoa laranja, hasi dira Valentziako zonaldetik ekartzen. Nahiz eta urte guztian ikus daitekeen laranja fruta saltokietan gertuenekoa ingurune horretakoa da eta orain da garaia.