Zaldibian kultur egitaraua antolatu dute, aho batez ezeztatutako festen ordez
Udaleko bi alderdiek adierazpen bateratua adostu dute, jaiak ospatzeko garaia ez dela eta ez egiteko eskatzeko. Asteburu indartsuena behar zukeenean, arduraz jokatzeko eskatu dute.
«Ez da festak egiteko momentua, ezta gaizki deitutako ez-festak egitekoa ere». Hitz horiekin laburbil daiteke Zaldibiako Udalbatzak urriaren 1eko ezohiko udalbatzarrean adostutako adierazpenaren muina. Festa astea behar zukeen Zaldibiak; Santa Fe jaiak urriaren 5ean hasi ohi dira, mondeju janarekin. Zaindariarekikoak 6an ospatu, eta asteburu honetan ziratekeen ekitaldi jendetsuenak. Bada, ez da festarik batere izango aurten, eta arduraz jokatzeko eskatu die udalak, herritar zein kanpoko.
Festa-egitaraurik ez antolatzea irailaren 3ko bileran erabaki zuten jada Jai Batzordean elkartzen diren eragile eta elkarteek. Orain, Udalbatzako bi alderdiek EH Bildu eta EAJ, adierazpen bateratu bat adostuta berretsi dute festen ezeztapena.
Besteetako festa-garaia, aurten, mundu mailako pandemiaren bigarren olatu deiturikoan etorri dela dio udalak, eta, konfinamendua gogoraraziz, hura ez errepikatzeko behar besteko neurriak hartzeko eskatu du. «Berriro halako egoera bat gertatzeak kalte larriak eragin ditzake, ez soilik osasunari dagozkionak. Zinez uste dugu instituzioen eta herritarren indarrak gure herria berreraikitzeko eta jaikitzeko bidean jartzeko garaia dela. Ezin dugu berriro atzera egin, ez behintzat festa egiteagatik», dio adierazpenak.
Neurriak hartuko lituzke
Lau puntutan eman du aditzera udalbatzak festak ez ospatzearen garrantzia eta ondorioak. «Zaldibian ez dago festarik aurten, eta urriaren 5 eta 12 artean ez da ekitaldirik antolatuko», argitzen du lehenak.
«Herritarrei arduraz eta elkartasunez jokatzeko deia egiten dizuegu, eta kanpotik etortzeko ohitura dutenei aurtengoan ez bertaratzeko esakera egiten diegu. Horretarako, bere esku dauden neurriak hartuko ditu udalak», dio bigarren puntuak.
Beste bi puntuek, hutsal geratutako festen ordezko antolatu den Udazken Bizia egitarauari egiten die erreferentzia. Urriaren 15etik azaroaren 20ra, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, jaietarako zegoen diru-saila erabilita eta sor daitezkeen kalteak arintze aldera.
Udalbatzak bat egin du ekimen horrekin. «Bat egiten dugu festetarako izendatutako diru-saila, festak bertan behera uzteko erabakiak dakartzan kalteak arintzeko osatuko den programara bideratzearekin». Bestetik, ekitaldi horietan parte hartzeko gonbita egin diete bi alderdiek zaldibiarrei, «bizi behar dugulako eta kultura-kirol sektoreek ere bizi behar dutelako».
Beste hiru gai ere onartuak
Urriaren leheneko udalbatzarrean bertan, beste hiru erabaki hartu zituen Udalbatzak, hirurak aho batez onartuak. Euskaraldia ekimenera batu da Zaldibiako Udala, eta udalbatza barne-arigune izango da.
Hirigintza arloan, eraikitze ordenantzari behin betiko onarpena eman diote. Jasotako alegazio bakarrari erantzun zaio.
Azkenik, etxez etxeko laguntzaren zerbitzuan, lehendik aplikatzen zen araudia onartu da.
Udazken Biziaren zain
Buruarinak egiteko tailerrak emango dio hasiera Udazken Bizia programari, urriaren 15ean. Goren mailako ekitaldiak iragarri dituzte, horrekin batera. Astero izango da kontzertu, antzerki, ikuskizun edo bertso jaialdi bat.
Zapiak Bat elkarteak, bere aldetik, Udazkeneko Zapi Janztea saio berezia bertan behera utzi du, eta haren ordez bertsolari jaialdia antolatu du, Udazken Bizia programan sartzeko. Urriaren 23an, 19:00etan Restin, Amets Artzallus, Ane Zuazubiskar, Jon Maia eta Nerea Ibartzabal jardungo dira.
Egitarauko ekitaldi guztien sarrerak, doakoak izan ala ez izan, aurrez erreserbatu beharko dira, Karreane kultur etxean, ekitaldia egingo den asteko astelehenetik. Zaldibiarrek lehentasuna izango dute sarrerak hartzeko.
Pertsonako gehienez bost eskuratu ahalko dira, eta soberan geratuz gero, saioaren aurretik jarriko dituzte eskola aurrean. Restin izango dira ekitaldi guztiak, edukiera mugatuta.
Horrez gain, mondeju pintxoak erdi prezioan erosteko bonuak badaude oraindik udaletxean salgai, euro 1ean.