2021eko Korrika, 2022an
AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko korrikaldi erraldoia urte betez atzeratu dute, COVID-19ak eragindako egoera dela eta.
2021eko martxoan zen hastekoa Gasteizen AEK-k antolatzen duen 22. Korrika –bi urtean behin egiten da–. Baina, COVID-19aren ondorioz, 22. Korrika urtebete atzeratuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Uda aurretik, euskararen aldeko korrikaldi erraldoiari eusteko asmoa erakutsi bazuten ere, “bizi dugun egoerak argi erakutsi digu apalak eta zuhurrak izan behar dugula, eta, beraz, erabakirik onena delakoan gaude”. AEK-k ez du aurreikusten epe motz zein ertainean osasun egoera kontrolatuta egongo denik, eta horregatik jendetza batzen duen ekitaldia atzeratzea erabaki dute, “pandemiaren transmisioa ahalik eta gehien murrizteko”.
Erabaki “latza” izan dela diote, “euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu”. Era berean, AEKrentzako ere kolpe handia izango dela esan dute, euskaltegietako lana ekonomikoki babesteko balio baitu Korrikak. Horregatik, agerraldia aprobetxatu dute helduen euskalduntzean egin beharrekoak aldarrikatzeko. “Inbertsioak areagotu behar dira. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian”.
Korrikaren faltan, euskararen aldeko egitasmoen babesa berretsi dute AEKko ordezkariek, eta Euskaraldian parte hartzeko deia egin die herritarrei.