Aralarren mundua, Europa guztian
Europako Batzordeak antolatutako Natura 2000 sarietan finalista izan da Landarlanek ekoitzitako 'Aralar, mundua leku den lurra'. Saririk ez du jaso, baina presentzia berezia bai.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/10/2020-10-16-p005_f01-1200x604.jpg)
Aralar mendiak eta haren kontserbazioaren alde Landarlan ingurumen elkarteak eta On ekoiztetxeak 2018an ekoitzi zuten dokumentalak Europa guztian izan zuten oihartzuna, herenegun. Europako Batzordeak antolaturiko Natura 2000 sariak banatu zituzten Bruselatik, telematikoki. Sariketako bost sailetako batean finalista zen Aralar, mundua lekua den lurra.
COVID-19ak eraginda, ordenagailu bidez urrunetik egin dute aurten Natura 2000ren sari emate ekitaldia; bosgarren ekitaldia izan da. Bruselako egoitzan zeuden antolatzaileak eta aurkezlea, Europako Ingurumen, Itsaso eta Arrantza komisario Virginijus Sinkevicius eta epaimahaiko kideak. Pantailaren beste aldetik zuzenean, berriz, sariketaren finalera iritsitako 27 lanen ordezkariak.
Landarlanen izenean, Garazi Auzmendik ordezkatu zuen Goierriko proiektua. Komunikazioa atalean parte hartu du Aralarko dokumentalak, Alemania, Frantzia, Irlanda eta Portugalgo beste lau ingurumen proiekturekin batera. Cesar Luena europarlamentari espainiarrak ireki zuen sarituaren gutunazala, eta Eau la la! Eco-tips for sea and shore proiektu frantziarrak lortu zuen saria.
Beste lau sailetan Finlandiako lan bat (Kontserbazioa atalean), Espainiakoa (Onura sozio-ekonomikoak), Flandriakoa (Interesen eta pertzepzioen berradiskidetzea) eta Txekia, Austria, Hungaria eta Errumaniako bat (Mugez gaindiko kooperazioa eta sareak) saritu dituzte.
Finalean izatea bera, saria
Landarlaneko Garazi Auzmendik sariketaren finalean egotearen balorazio oso ona egin zuen, atzo: «Guretzat finalean egotea bakarrik jada saria da, bere horretan. Atzoko ekitaldiaren ondoren, oraindik garbiago geratu zaigu sentsazio hori. Finalisten eta sarituen artean erakunde handiak eta estatu ministro izandakoak zeuden. Landalarnen lau katu gara, eta horrelako entitateko jende eta proiektuekin lehian egotea guretzat ikaragarria da».
Ingurumen elkarteak, bere aldetik, «esperientzia paregabea eta pentsaezina» bete dutela argitaratu zuen atzo webgunean.
Bost sail ofizialetan eta Europako herritarren bozketako sari herrikoia lortu gabe geratu da Aralarko ikuskaria. Baina oihartzunak eta presentziak soilik merezi duela gaineratu dute.
Herritarren sarirako, 44.781 europarrek eman dute botoa. Bulgariako proiektu batek eraman zuen sari hori, 11.000 boto jasota.
Natura 2000 sarira lanak aurkeztu dituztenen «pasioa eta ekarpena» eskertu ditu Sinkevicius komisarioak. Aldi berean, Natura 2000 sareko gune naturalen garrantzia eta kontserbatzearen balioa nabarmendu ditu. Europako Batasunean ia 27.000 gune babestu daude, lurraldearen %18 eta itsasoen %9.
Ramireztarrak bideoan
Goierriko proiektuarentzat loria ez zen presentzia hutsarekin bukatu. Bruselako ekitaldiaren amaieran, Pello Ramirez musikaria biolontxeloan eta Sahatsa Ramirez dantzari profesionala ageri diren Gailurrak abestiaren bideoklipa eman zuen Europako Batzordeak, Euskal Herriko lan bat zela zehaztuta. Atzo egin zuten publiko Vimeo plataforman.
«Europako halako ekitaldi batean eta Ingurumen zuzendarien hitzetan, guk egindako dokumentala aipatzea, Pelloren, Sahatsaren, On Produkzioen eta Euskal Herriaren izenak esatea, presentzia eta protagonismo hori eta horren parte izatea ikaragarria da», dio Auzmendik.