Arreta handiz ibiltzeko eta pertsonen pilaketak ekiditeko eskatu du Osasun Sailburuak
Osasun Saileko erta Herrizaingoko arduradunak Goierriko alkateekin bildu dira gaur, egoera aztertzeko. Neurri gehigarririk ez dute hartuko, baina arduraz jokatzeko eskatu diote gizarteari.
Arduraz jokatu eta jende pilaketak ekidin. Hori da gaur goizean Osasun Saileko eta Herrizaingoko arduradunek Goierriko alkateekin egindako bileratik ateratako ondorio nagusia. Azken astean Goierrin “kasu positiboak asko ugaritu” direla egiaztatu dute, eta elkarren arteko lankidetzan sakontzeko asmoa agertu dute, batez ere udaltzaingorik ez duten herrietan, “edukierari, ordutegiei, distantziei, maskaren erabilerari eta abarri buruzko neurriak” zaindu eta betearazteko garaian.
Gotzone Sagardui Osasun Sailburua, Iñaki Berraondo sailburuordea eta Josu Bujanda Ertzaintzaren Zuzendaria elkartu dira gaur, bilera telematikoan, Goierri eta Urola Garaia osasun eremuko hogeita hamar alkaterekin. Herriz herriko egoera aztertu eta gero, sailburuak “arreta handiz” ibiltzeko eta “pertsonen konzentrazioak eragin ditzaketen jarduerak ez egiteko” eskatu die udal ordezkariei. Egoera “kezkagarria” dela azaldu du eta prebentzio neurriak hartzeko deia egin dio gizarteari, “guztion esku” baitago positiboen igoera gelditzea.
Kutsatze gehienak “familia, lagunarte eta kale elkarretaratzeetan” ematen ari direla azaldu dute osasun arduradunek, eta erantzukizun sozialerako deia egitearekin batera, hiru neurri nagusi mantentzeko eskatu dute: distantzia soziala, musukoaren erabilera eta eskuak maiz garbitzea.
Neurri gehigarririk ez
Momentuz ez dute Goierriko udalerrietarako neurri gehigarririk aurreikusi. Baina Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak azaldu duenez, “adi” jarraituko dute datozen egunetako positibo kasuen joera, eta alkateek eta osasun sailak harremanetan jarraituko dute. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ere “guardian” daudela azaldu du. “Tendentzia goraka doa baina momentuz eskatu digutena da orain arte indarrean dauden neurriak modu zorrotzean kontrolatzeko eta herritarrak egoeraren inguruan kontzientziatzeko”. Beste neurririk aurreikusten duten galdetu die Ezenarrok osasun arduradunei, baina “momentuz ez digute ezer aurreratu”.
Bileran aipatu den beste datu bat, adin tarteen ingurukoa izan da. 17 eta 50 urteen arteko tartean eman dira kasu gehienak. Ezenarroren ustez, horrek “espektroa dezente zabaltzen du, orain arte erlaxatuta egon da jende bat, eta orain ikusten dena da ez dela bakarrik gazteen, aisialdiaren eta gauaren kontua, baizik eta familiarteko ospakizunak, ezkontzak, jaunartzeak, urtebetetzeak, eta familiarteko ospakizunetan jendea erlaxatu egiten dela eta hor ere kutsadura ematen ari dela”.
Ordiziako kasuan, foku argirik ez dagoela, eta horrek lan egiteko modua zailtzen duela azaldu du alkateak. Hala ere, herriko eragile ezberdinekin harremanetan jarri dira: “kirol taldeekin, ostalariekin, kultur taldeekin, egoera mahai gainean jarri eta adosteko zein neurri hartu”. Udala bando bat ere prestatzen ari dela azaldu du, herritarrei gogorarazteko prebentzio neurriak zein diren, eta familia arteko edo lagun arteko elkartzeekin kontu handiz ibili daitezen.