Beasain K.E.k denboraldi zaila baina itxaropentsua abiatuko du bihar, etxean
Txuri-urdinek Somorrostro hartuko dute, 17:00etan, Loinatz futbol zelaian. Liga hamaika taldeko bi multzotan banatu dute. Klubak talde eta fitxa kopuruari eutsi egin dio aurten
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/10/2020-10-16-p003_f01.jpg)
Beasain Kirol Elkarteko talde nagusiak bihar hasiko du 2020/2021 denboraldia. Etxean jokatuko dute lehen partida, 17:00etan, Somorrostroren aurka. Harmailak 16:30ean zabalduko dituzte, eta klubeko arduradunek garaiz gerturatzeko eskatu dute. Bazkideek izango dute lehentasuna, eta esertzeko tokirik gelditzen bada, partida baina hamabost minutu lehenago leihatila zabalduko dute.
Unai Zurutuza kirol zuzendariak denboraldi polita izango dela iragarri du. «Nahi genuen taldea osatu dugu, talde lehiakorra», azaldu du. «Gure indargunea konfiantza da. Jokalari ausartak ditugu eta ez dugu beldurrik gora egiteko. Batzuetan, gutxiegi. Atzean sendotasun hori lortzen badugu, goiko postuetan ibiliko gara», zin egin du.
Hirugarren mailak formatua aldatu du. Multzoa hamaika taldeko bi ligaxkatan banatu dute. Aurrean amaitzen dutenek igoera fasea jokatuko dute eta, gainerakoek, jaitsiera ekidin beharko dute. «Oso liga estua izango da, diferentziak oso txikiak direlako. Gainera, aurreko urteetan baina motzagoa izango da eta akatsak garesti ordainduko dira», ohartarazi du Zurutuzak. Gora behera handiak espero ditu, jakitun direlako talde guztietako jokalariei berrogeialdiak egitea egokituko zaizkiela eta taldeak oso aldakorrak izango direla. Hori ez dela aitzakia izango dio, eta gora begira dago: «Gutxienez, lehen sei taldeen artean egotea da helburua. Gorago egoteko moduan gaudela? Hobe. Ea azken partidetara goiko postuetako borrokan heltzen garen».
Denboraldi aurrean jokatutako partidetan sentsazio «gazi-gozoa» izan dute. Zurutuzak dio ongi jokatu dutela, baina emaitzak ez dira nahi bezain onak izan. «Plus bat behar dugula erakusten du horrek». Abisua bidali du: «Liga jada hasi da». Lehen partidak berebizikoak izango direla dio eta ezin dutela lehen jardunaldia duda-mudetan jokatu.
COVID-19aren menpe
Zurutuzak ez du argi liga osorik jokatuko denik aurreikusi bezala. «Kirola da kontrol zorrotzena duen eremua, baina kutsadurak agertuz doaz», atsekabetu da. Jendea gogaitzeko arriskua ikusten du: Beasain bezalako klub batentzat ezarritako neurri guztiak betetzea «zaila» dela dio, eta jendeak asko ematen ari dela. Kutsatuak atera ahala, esfortzu horri eusteko gai izango ote diren zalantza du. Jokalariak ere kezka dute gaixotu eta lanean edo ikasketetan eragina izango ote duen. Halere, «ondo» egiten ari direla dio. «Ezustekoei erantzuteko gai izan gara eta egokitzen jakin dugu».
COVID-19ak eragin ekonomikoa izan du, baina kirol arloan ez dute askorik nabaritu. Hamaika talde izango dituzte denboraldi honetan eta 200 fitxa baino gehiago. Iazko datuen pare. Zurutuzak kopuru «oso onak» direla baieztatu du.
Gazte mailako taldeetan helburuak askotarikoak dira: bigarren taldeak «zerbait polita» egin dezakeela uste du; jubeniletako taldeetako bat erabat konfinatuta dago eta lehiara nola itzuliko diren ez dago argi. Beste taldea, lehen urtekoa, maila berrira egokitzeko bidean dago eta trantsizio urtea izango dute; berdin kadeteetan. Zurutuzak aipatu du maila batetik bestera jauzi handia dagoela eta beraien helburua ikastea izango da. Bigarren urteko kadeteek iaz lortutako emaitza onak berretsi nahi dituzte; infantilek eta futbol eskolako taldeak urtarrilean dira hastekoak.