Beasaingo kuadrillek eta familiek Euskaraldian izena eman dezakete
500 beasaindarrek baino gehiagok eman dute izena Euskaraldian. Ostiralero, 18:30etatik aurrera, Zubimusu plazan dago horretarako aukera
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/09/euskaraldia_2018__ordizia-1200x800.jpg)
Beasaingo kuadrilla eta familiek Euskaraldian parte hartu dezakete. Horretarako, Zubimusu plazan jarritako postutik pasa behar da 18:30etatik aurrera edo herriko ikastetxeetatik aste barruan zehar.
Familia eta lagunak dira pertsona orok egunerokoan hurbilen ditugun harreman sareak. Horregatik eta sare horietan euskararen erabilera indartze aldera Beasaingo Aittu! Euskara Elkarteak herriko familiei eta lagun kuadrillei aukera emango die Euskaraldian izena emateko. Aukera hau soilik Beasainen izango da. Izena ematen duten famila eta lagun kuadrilletako kideek, aldi berean, norbanako gisa ere eman beharko dute izena Euskaraldian. Hau da, belarriprest edo ahobizi rola hautatu beharko du bakoitzak. 16 urtetik beherakoek ere eman ahalko dute izena, eta Aittu! Euskara Elkarteak diseinatutako txapa jasoko dute.
Beasainen 193 dira Euskaraldian izena eman duten entitateak. Guztira, 1.182 arigune edo Aittugune sortu dira eta 2.685 herritar biltzen dituzte. Gainera, aste honen hasieran jafa 500 beasaindar baino gehiagok eman dute Euskaraldian izena.