Etengabeko Arreta Gunea egunero ireki dezatela eskatu dute sindikatuek
Koronabirusari aurre egiteko itxi egin zuten eta egun larunbat, igande eta jai egunetan bakarrik irekitzen dute. Lehen asteko zazpi egunetan irekitzen zuten, eguneko 24 orduetan
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/10/2020-10-16-p006_f01-1200x811.jpg)
Osasun arloko sindikatuek agerraldia egin dute Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan ireki dezaten eskatzeko. Koronabirusari aurre egiteko itxi egin zuten eta urriaren 3tik larunbat, igande eta jai egunetan bakarrik irekitzen da, 09:00etatik 21:00etara. Sindikatuek kontzentrazioa deitu dute astearterako eta herritarrei parte hartzeko eskatu diete. Kontzentrazioa anbulatorioaren aurrean izango da, 12:00etan.
Sindikatuetako ordezkarien esanetan, Zumarragako EAGk urteak daramatza itxia izateko arriskuan, «nahiz eta larrialdietako funtsezko zerbitzua izan». Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Ezkio eta Itsasoko bizilagunei «oso beharrezkoak» diren zerbitzuak eskaintzen dizkiela gehitu zuten.
Baina martxoaren erdialdean, COVID-19a dela eta, Zumarragako EAG itxi egin zuten. «Langileak Beasaingo eta Azpeitiko zentroetara eta ospitaleko larrialdietako zerbitzura joan ziren. Sei hilabeteren ondoren, jakinarazi digute urrirako EAG berriz irekiko dela, baina ez ohiko ordutegian, baizik eta, beste behin ere, murrizketak aplikatuz. Izan ere, larunbat, igande eta jai egunetan bakarrik irekiko da, 09:00etatik 21:00etara».
Alderdiei laguntza eskaera
Hori dela eta, sindikatuek azalpenak eskatu dituzte. «Sindikatuok azalpenak eskatu dizkiegu bai Erakunde Sanitario Integraleko (ESI) zuzendaritzari bai Osakidetzako zuzendaritzari. Halaber, udalei eta alderdi politikoei laguntza eta inplikazioa eskatu diegu, Osakidetzari Zumarragako EAG ohiko ordutegira itzultzeko eska diezaioten», aipatu zuten.
ESIko kudeaketa sailak eta pertsonal zuzendaritzak koronabirusak Gipuzkoako ESI guztietan aldaketak ekarri dituela eta helburua irisgarritasuna bermatzea, joan-etorriak saihestea eta segurtasuna eta kalitatea bermatzea direla erantzun diete.
Sindikatuek EAGa larunbat, igande eta jai egunetan bakarrik irekitzeak herritarrei kalte larria eragiten diela uste dute. «Zumarragako EAG itxita dagoen egun eta orduetan Beasaingo EAGra edo ospitalera joan behar dute. Ondorioz, Beasaingo zentroaren eta ospitaleko larrialdietako zerbitzuaren lan zama areagotu egin da».
Hala, Zumarragako anbulatorioko EAG itxi aurreko ordutegian irekitzeko eskatu zioten Osakidetzari, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko beharrezkoak diren osasun eta higiene berme guztiekin.
Horretaz gain, kontzentrazioa antolatu dute. Datorren asteartean izango da, 12:00etan, Zumarragako osasun zentroaren aurrean. «Zerbitzua modu egonkorrean berriro irekitzen ez bada, herritarrekin eta langileekin mobilizatzen jarraituko dugu behar den denbora guztian zehar», aurreratu zuten.