Garbiketa lanak egiten ari dira Oria ibaian eta Amundarainen
Ordiziako Udalak esan duenez egun bakar batean 1.000 kilo zabor atera dituzte Txukun Lorezaintzakoek. Helburua da itsasoko uretara zabor gutxiago iristea
Oria ibaian eta Amundarain errekan garbiketa lanekin hasi dira Ordizian. Asteazkenetik ari dira lan horretan, eta bi astez luzatuko dira. Ordiziako Udalak jakinarazi duenez, «egun bakar batean 1.000 kilo zabor atera dituzte Txukun Lorezaintza enpresako langileek».
Amundarain errekan hasi dituzte garbiketa lanak eta ondoren Oria ibaian jarraituko dute, ibai ertzean kateaturik dauden zaborrak bilduz, bertatik ateraz eta kamioian zabortegira eramanez, gero bertan sailkatzeko eta pisatzeko. Lanak eskuz egiten ari dira, ez da makinarik erabiliko.
Itsasora ez iristea helburu
Duela bi urte hasi zen udala,Ordizia igarotzen duten ibai eta erreketan garbiketa lanak egiten. 2018an, 8.000 kilo zabor atera zituzten, lau kilometroko eremuan. 2019an, berriz, 5.500 kilo.
Garbiketa lan hauen helburu nagusia da, zaborra errekan behera itsasoraino ez iristea. Azkeneko urteetan egindako lanarekin beraz, 13, 5 tona gutxiago iritsi dira itsasoko uretara.