Aimar Madina oñatiarrak irabazi du kadeteen Esparru proba Lazkaon
Lazkaomendin bukatu da kadete mailako urteko azken aurreko proba. Madinak 10 segundo atera dizkio Eneko Arozena bigarrenari eta 17 Xabier Zabala hirugarrenari.
Oñatiko Ulma taldeko Aimar Madina Zubia gazteak irabazi du gaur eguerdian Lazkaon 61. Esparru Proba, kadete mailakoentzako lasterketa. Jendetsua izanda, 93 lagunek bukatu dute 64 kilometroko proba. Hasiera batean gaur Ordizian Txapel Gorri proba jokatzekoa bazen ere, azken unean hura bertan behera geratu da, eta Lazkao Kirol Elkarteak antolatu du ordezko Esparru proba.
Azken hilabetean Lazkaomendin bukatu den hirugarren lasterketa zen gaurkoa. Zaldibiatik gora, Mirandako aldapa pikoa gainditu behar izan dute ziklista gazteek. Han zehaztu da sailkapena eta podiumeko sariak. Itxurrene pareko helmugan, Madinak 10 segundoko aldea atera dio Eneko Arozenari (Limousin), eta 17 segundokoa Xabier Zabalari (Volante). Banan-banan iritsi dira azken marrara.
Mendiko saria ere Aimar Madinak eskuratu du. Eguneko bi mendateak Larraitz eta bukaerako Lazkaomendi ziren. Taldekako saria berriz, El Proex taldearentzat izan da, Gama-Muruzal-Erro eta Limousinen aurretik.
2020ko ezohiko egutegiko kadeteen errepideko azkeneko lasterketa zen gaur Lazkaokoa. Datorren larunbatean, urriak 24, Legorretan erlojuaren aurka taldekako Gipuzkoako Txapelketa izango dute, bai kadeteek, bai juniorrek eta emakumezkoek. Goierriri dagokionez, errepideko azkeneko lasterketa Zumarragako 9. Sari Nagusia izango da, junior mailakoena, urriaren 25ean, igandea.