Euskal Herriko Eskolartekotik urrats batera geratu dira Garmendia eta Munduate
Gipuzkoako 44. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa Aner Peritzek irabazi du, eta Naia Arrizabalaga bigarren izan da. Eroso eta gustura aritu dira Maide Garmendia eta Hodei Munduate zaldibiarrak, beren lehen finalean.
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu zuten, atzo, Hodei Munduate eta Maide Garmendia zaldibiarrek. Azkoitiko kultur etxean izan zen saioa, koronabirusagatiko neurriak eta murrizpenak hartuta, aretoan sar zitezkeen entzule guztiekin. Saio borobila eta mailakoa izan zen, oro har.Epaile lanean Oihana Aranguren, Mikel Lertsundi eta Bakarne Urrega aritu ziren, eta Ane Ezenarrok aurkeztu zuen.
Aner Peritz zarauztarrak jantzi du Gipuzkoako Eskolarteko txapela, eta bigarren Naia Arrizabalaga sailkatu da. Bi horiek sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko finalerako, Gipuzkoa ordezkatuz. Finala azaroaren 14an, Abadiñon (Bizkaia) jokatuko da.
Saririk edo final handirako txartelik lortu ez duten arren, oso gustura geratu dira bai Munduate eta bai Garmendia, Azkoitiko finaleko saioarekin. “Nerbioek traizionatu ohi nauten arren, atzo kontrakoa gertatu zitzaidan: erabat eroso sentitu nintzen, eta benetan saio polita joan zela uste dut. Nire partetik, ideiak onak atera zitzaizkidan. Pertsonalki, egindako saioarekin oso gustura geratu nintzen, gustura aritu nintzen bertsotan. Lagunekin ostiral gau batean aritzen garenean bezala”, baloratu du Hodei Munduatek Eskolarteko finala.
Saioa ona joan zen, entretenigarria eta maila handia. Maide Garmendia ere “oso fin” aritu zen, Munduateren irudiko. “Eroso sentitu zela esan zuen, baina falta izan zuela bertso eskolan aritzen gareneko ideien etorria. Baina, hori esanda ere, oso ondo aritu zen Maide”, ebatzi du Munduatek.