Gehienez sei lagunera murriztu ditu Osasun Sailak jende bilerak
Jarduera guztietan edukiera %50era jaitsi du, kultura ekitaldietan barruan 400 lagun eta kanpoan 600 lagun batu ahalko dira gehienez, ostalaritza 24:00etan itxi beharko da, parke eta jolastokiak 23:00etan, eta federatu gabeko kirol lehiaketak etengo dira. Soziedadeak eta txoko gastronomikoak itxi beharko dira.
COVID-19aren hedapenaren intzidentzia “altua” dela iritzita, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri murriztaile hartu ditu gaur goizean, Babes Zibileko planaren aholku batzordearen bileran. Jende bilketari, lokalen nahiz ekitaldien edukierari eta jarduera batzuen ordutegiari eragingo die, nagusiki.
Osasun Sailaren buru Gotzone Sagarduik prentsaurrean esan duenez, koronabisuaren izurritearen hedapena 4. agertokian dago gaur egun: birusaren birsorkuntza tasa 1etik gorakoa da, ZIUetan 50 gaixo baino gehiago daude (51), eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa 300etik gora dago (323,81 EAEn). “Joera goranzkoa da, eta hurrengo egunetan igotzeko aurreikuspena dago gainera. Zorrotzagoak izatea besterik ez daukagu”, azaldu du Sagarduik, gehien-gehiena gaztelaniaz bakarrik egindako prentsaurrekoan.
Hala, elkarrekin egon daitekeen lagun taldea 10etik 6ra murriztuko du jaurlaritzak. Ez du zehaztu neurri hori gomendioa den ala nahitaez betetzekoa den. Aktibitate guztietan, edukiera %50era murriztuko da, bai ostalaritzan (terrazak salbu), bai ekitaldi kulturaletan, bai ekitaldi erlijiosoetan, edo igogailu nahiz kabina publiko kolektiboetan. Kultur ekitaldietarako gehienezko jende kopurua, barruko lokaletan 400 lagun izango da orain, eta 600 lagun kanpoan.
Ostalaritzako lokalak gauerdian. itxi beharko dira. Soziedadeak eta txoko gastronomikoak, berriz, itxi egin beharko dira. Parke, lorategi eta haurren jolastokiak 23:00ak arte egon ahalko dira irekita. Federatu gabeko kirol elhiaketak ere bertan behera utziko dituzte. Orain arte indarrean zeuden gainerako neurri murriztaileek ere indarrean jarraituko dute.
Sagarduik aurreratu duenez, jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiari igorriko dio neurri sorta berriaren dekretu zirriborroa, eta haren onespena beharko du. Ondoren EAEko aldizkari ofizialean argitaratuko litzateke, eta orduan sartuko litzateke indarrean.
“Gutako bakoitzaren menpe dago joera aldatzea, gure esku dago. Pandemiaren eragina altua da, eta mugikortasuna eta pertsona bilketa suposatzen duten jarduera guztiak, bai indibidualak, bai kolektiboak, birpentsatu beharra daukagu. Aktibitate bat antolatzera goazenean, egoera zein den pentsa dezagun, eta ekitaldi hori atzeratzea aztertu, garai hobeak etorriko direnerako. Bien bitartean, zuhurtzia y ardura behar ditugu, eta bakoitzaren borondateari dei egin nahi diot horretarako”, azaldu du Sagarduik.
Protokoloan aldaketak
Beste “eguneraketa” batzuk egitea erabaki du Osasun Sailak protokoloan. Antigeno testak egiten hasiko dira gaurtik aurrera larrialdi zerbitzuetan, eta eguneroko txostenetan PCR proben kopuruarekin batera emango dituzte horiek. Positibo eman dutenen isolamendua 10 egunera murriztuko da (lehen 14 zen), bai etxean, bai ospitaleetan. Kontaktuagatiko berrogeialdia ere 10 egunekoa izango da; 8. egunean egingo zaie orain proba (lehen 10.ean).
Bestetik, EAEko egoera okerrena Gipuzkoan dagoela aitortu du Osasun sailburuak. Barruti-konfinamendurik ez du aipatu, baina birusa gehiago hedatzen bada, ez dutela baztertu gehitu du. “Gipuzkoan dago egoera larrien. Astean zehar bilerak egin ditugu intzidentzia handieneko eremuetan dauden herrietako alkateekin. Lehendik indarrean dauden neurriak bete egin behar dira, hiru nagusiak: maskara erabili, distantzia soziala mantendu eta eskuak etengabe garbitu. Horiez gain, neurri kolektiboak daude. Sendo bete behar dira, bai indibidualki, bai kolektiboki. Asko lagundu dezake horrek”. Neurrien betearazpena “indartuko” dutela ere gaineratu du.