Oiartzualdeko Katerin Artola eta Iker Belintxon dira Euskal Herriko dantzari txapeldunak
Oiartzungo eta Lezoko dantzari bikoteak koska bat goragoko maila erakutsi du, 13 bikoteren artean. Pozik eta hunkituta jaso dituzte zapi-txapelak. Bigarren Laura Bastida-Ekain Uzkudun azpeitiarrak izan dira, eta hirugarren Maitane Irutzun-Gorka Duran, lehen partaidetzan.
Segurako Baratze pilotalekuan jokatu da, beste behin, Euskal Herriko Dantza Txapelketa. 13 bikote bertaratu dira 44. ekitaldirako, ia den-denak gipuzkoarrak (bikote batean, dantzari bakarra zen bizkaitarra). Harmailetan ikusleak erdira murriztu behar izan dira kopuruz, koronabirusaren neurriengatik. Ohi bezala, fandango eta arin-arin bana dantzatu behar izan ditu bikote bakoitzak, Isilkara txistulari taldearen doinura lehena eta Estanga anai-arreba trikitilarienera bigarrena.
Partaidetzaz Azpeitiak nagusitasun osoa bazuen ere –hangoak ziren 9 bikote, edo dantzariren bat, Luis Alberdi Beltza-k edo Aitor Sorazuk Azkoitian prestatuak– sari nagusia Oiartzualdera eraman dute Katerin Artolak eta Iker Belintxonek. Maila ikusgarriko erakustaldia eman dute, eta bikote modura bigarren urte soilik duten arren, nabaritu zaie txapelketetako esperientzia. Artola 7 urterekin hasi zen dantzan, eta 14rekin irten zen lehen aldiz txapelketan. Belintxon 6 urtetik da dantzaria, eta 9 daramatza txapelketetan.
Pozik eta hunkituta jaso duten txapeldunen ohorea. “Dantzan gehien lagundu diguten bi laguni eskaini nahi diet txapela, Lurdesi eta duela urte batzuk joan zitzaigun Jesus Mariri”, azaldu du Belintxonek.
Belaunaldi berri baten sorrera
Ikusle kopuruan eta gainerako neurrietan ezezik, prestakuntzan ere eragin die COVID-19aren ezohiko urteak dantzariei. Normalean Segurako hitzordu nagusira 15 bat txapelketa oinetan dituztela iristen badira, aurten lau bakarrik izan dituzte. Xabier Artola adituak azaldu duenez, belaunaldi aldaketa nabaritu da aurten Segurako txapelketan, gazteak eta lehen aldia zutenak baitziren asko. “Lanean gogor ari dira, eta gorantz datoz. Arreta eman didan gauza bat, besoak jaisteko gero eta joera zabalduagoa da”, adierazi du Artolak. Haren iritziz, bi bikote nabarmendu dira txapelketan.
Artola-Belintxon irabazleen ondotik, bigarren Laura Bastida eta Ekaitz Uzkudun azpeitiarrak sailkatu dira. Luis Alberdirekin trebatuak, Sorazurekin jarraitzen dute gaur egun.
Maitane Irurtzun adunarrak eta Gorka Duran billabonarrak osatutako bikotea geratu da sailkapenean hirugarren. Lehen aldia zuten Seguran, eta Guillermo Areizaga Sari berezia –1977an txapelketa antolatu eta gerora bultzatu zuen segurarra– ere jaso dute, ondoen sailkatu diren debutariak izateagatik.
Dantza-jantzi politena, garaile orokorrentzat
Dantzari-jantzi ederrenaren saria ere banatu dute, German Nestares epaile bereziak izendatua; eta Katerin Artolak eta Iker Belintxon irabazle orokorrentzat izan da sari hori ere. XX. mende hasierako argazki originaletan ikusitako jantzien errepikak erabili dituzte, Atharratzeko eta Errenteriako soinekoetatik hartuak, hain zuzen ere.
Goierriko bikote bakarra aritu da Seguran. Idoia Narbaizak eta Irati Olaizolak osatu dute bikotea, bi neskarekin bakarra, gaur. Sustraiak dantza taldean 5 urterekin batera hasiak, Aurresku eta Doinu Zahar txapelketetan ibili izan dira, eta duela hiru urte jauzi egin zuen solteko dantza lehiaketetara. Luis Alberdi dute irakasle.
Epaimahaia bost adituk osatu dute: Gabriel Alonso, Rafa Salaberria, Nahikari Bizuete, Antton Mendizabal eta Josu Ibarra. Seguran epaile lanetan 17 urtean aritu zen Juanma Oroz zena gogoan izan dute, apirilean hila. Isilkara txistulari taldeak bi fandango pieza erabili ditu: Berrobi eta Atiarno. Estangatar trikitilariek, berriz, Ulia eta Bueltan. Bi minutuz azpitik irauten zuen dantza bakoitzak, 8 pausora ekarria. Lehenengo aldiz oholtzan bertan entzun dituzte dantzariek zein doinutara ariko ziren.
Bukaeran, Kukai dantza taldeko lau dantzarik koreografia bat dantzatu dute, Nestor Basterretxearen Akelarre eskulturaren pieza erraldoia oholtzaren erdian jarrita. Saio ETBk grabatu du, eta gaur (larunbata, urriak 17) 22:00etan emango dute ETB1en.
Sailkapena:
- Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo), 75 puntu. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren oroigarria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren oroigarria lehen bikote gipuzkoarra izateagatik, Segurako Udalaren 800 euro eta oroigarria, zapia eta txapela, eta Aitor Ruiz de Eginok egindako eskultura. Horrez gain, dantza jantzien saria ere lortu dute.
- Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia), 70,50 puntu. 600 euro eta oroigarria.
- Maitane Irurtzun eta Gorka Duran (Aduna-Villabona), 67 puntu. 500 euro eta oroigarria. Lehen aldiz parte hartu eta ondoen sailkatu diren debutariak izateagatik, Guillermo Areizaga Saria ere jaso dute, mantala eta gerrikoa.
- Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo-Sopela), 62,50 puntu. Bizkaiko Foru Aldundiaren oroigarria, lehen bikote bizkaitarra izateagatik (Sopelako udalerriaren izenean aritu dira).
- Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo (Azpeitia), 60 puntu.
- June Elortza eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), 59 puntu.
- Maitane Beobide eta Mikel Subinas (Azpeitia), 57 puntu.
- Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola (Legazpi), 56,50 puntu.
- Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), 51 puntu.
- Elaia Elortza eta German Aranburu (Azpeitia), 50 puntu.
- Leire Eizmendi eta Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia), 46,50 puntu.
- Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza (Azpeitia), 44,50 puntu.
- Nagore Kerejeta eta Aner Kerejeta (Azpeitia), 39,50 puntu.