Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia Idiazabalen
Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia egin zuten ostiral iluntzean Idiazabalgo pilotalekuan. Aitor Urteagak eta Xabi Rodriguezek gidatu zuten euskararen aldeko ekitaldia.
Aurkezpenari hasiera emateko, Aimar Barandiaranek, Igor Serranok, Irune Urteagak eta Maite Garmendiak osatutako taldeak musika emankizuna eskaini zuen. Euskaraldirako espreski sortutako abestia Zer naiz ni, zu gabe? jo zuten. Musikaz gain, antzerkia ere izan zen; Ane Aseginolaza eta Lurdes Intxaustik, Ane Muruak idatziriko “Musukoaren azpitik” antzezlana antzeztu zuten. Bestetik, musika eskolako ikasleek, Sua Muruak, Maddi Aranburuk, Laia Lizarraldek eta Noa Artolak Go!azen-eko “Kalera irten gara” abestia dantzatu zuten.
Aurkezpenean zehar, 3 bideo ikusteko aukera ere izan zen. Lehenengo bideoan, Aitziber Aizpuruk eta Esther Renedok Ahobizi eta Belarriprest izatea zer den azaldu zuten. Bigarrenean, 2018ko Euskaraldiako edizioan parte hartu zuen herriko helduena, Xabin Unanue, eta aurten parte hartuko duen gazteenetako bat, Arene Barandiaran, izan ziren euskararen inguruan hizketan. Azkeneko bidean, herriko bi gazte, Ainhoa Montoya eta Ibai Urteaga, agertu ziren Euskaraldian parte hartzera animatuaz.
Idiazabalen denera 46 entitatek eman dute izena Ariguneetan, eta horietako ordezkari batzuk ere gerturatu ziren Igarondo pilotalekuan muntatutako oholtzara. Kultur elkarteetatik, Gemma Mujiika (irakurle taldea), eta Xabi Elortza (Birigarro txistulari elkartea). Kirol arlotik, berriz Matias Aramburu (Arizkorretako futbol taldea) eta Idoia Gorrotxategi (areto futbola). Herriko merkatarien eta ostalarien izenean Belen Goya (Arantxa Mertzeria) eta Tarik Hassad Marzouk (Odei taberna). Gazte Asanbladatik Aimar Balerdi; Udaletik, Mila Agirre; enpresetako ordezkari Ion Ander Cuadrado (AMPO) eta azkenik, Aita Iparragirre herri eskolatik, Alixi Arrizabalaga izan ziren.