Martin Diezek eta Onditz Iturbek irabazi dute Ordiziako III. mendi maratoi erdia
Larraitzetik hasita 20'5 kilometroko ibilbidea osatu dute 200 korrikalariek. Azkarrenak Martin Diez eta Onditz Iturbe izan dira.
Behe-lainoa atzean utzia abiatu dira Larraitz aldera gaur goizean Ordiziako III. mendi maratoi erdiko 200 lasterkariak. 20’5 kilometroko ibilbidea bete dute Larraitzetik Alotza zeharkatu eta Igaratzaraino igoz, eta berriz buelta. Metatutako denborarik onena Martin Diez segurarrak lortu du (01:41:12). Bere atzetik, Iñaki Olano (01:41:19) eta Hodei Lujanbio (01:44:42) sailkatu dira. Emakumeen artean, berriz, Onditz Iturbe gailendu da (01:57:49). Ia hamar minutu beranduago amaitu du Irati Zubizarretak (02:07:01). Hirugarren sailkatua, Ruth Brito (02:10:37) izan da.
Gizonezko sailkapen orokorra
- Martin Diez (01:41:12)
- Iñaki Olano(01:41:19)
- Hodei Lujanbio (01:44:42)
Emakumezko sailkapen orokorra
- Onditz Iturbe (01:57:49)
- Irati Zubizarreta (02:07:01)
- Ruth Brito (02:10:37)
Master+45 gizonezkoetan
- Zorion Barandiaran (01:58:23)
- Manu Unanue (02:00:38)
- Sergio Serrano (02:02:59)
Master+45 emakumezkoetan
- Nerea Amilibia (02:12:07)
- Sara Peña (02:16:01)
- Edurne Arakistain (02:36:38)
23 urtez azpiko gizonezko sailkatuak
- Ibai Ormaetxea (01:50:48)
- Manex Idiakez (01:57:26)
- Xabal Pagola (01:58:44)
23 urtez azpiko emakumezko sailkatuak
- Irati Zubizarreta (02:07:01)
- Irantzu Urkola (02:44:35)
Zero dortsala
Lasterketa honen jatorriari keinu bat eginez, Jose Ignacio Eskitxabeli eta Izaro Rubiori zero dortsala banatu zaie. Hain zuzen ere, 1968ko ekainean, Juanito Rubioren eta Jose Ignacio Eskitxabelen arteko apustu bat izan zen Ordiziako mendi maratoiari hasiera eman ziona. Ibilbide ofiziala mendi maratoia da: Larraitz – Alotza – Igaratza – Guardetxe – San Miguel, joan etorria. Aurten, Covid-19aren eraginez formatua egokitu beharra izan dute, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezartzen dituen protokoloak bete ahal izateko. Hori horrela, ibilbidea 20’5 kilometrora laburtu dute, 1.250 metroko desnibel positiboarekin.
Covid-19ari aurre egiteko protokoloa
Partaideak irteera puntutik 30eko taldeetan abiatu dira, bi minutuko tartea mantenduz taldeen artean. Dortsalaren arabera, “kaxoi” ezberdinetan banatu dituzte 200 korrikalariak, eta lasterketa hasi arte une oro izan dute musukoa jantzita. Helmuga gurutzatu orduko, berriz ere jantzi dute musukoa. 37 graduko tenperatura eman dutenek ezin izan dute parte hartu.
Sari banaketa, bestalde, gordean eta zuhurki egin da; jende pilaketak saihesteko.