Bularreko minbiziaren aurkako borrokarekin bat egin dute Goierrin
Bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko egunarekin bat eginez, xingola larrosak jarri dituzte hainbat herritako udaletxeetan.
Urriaren 19ko aldarriarekin bat egin dute Ordiziako udalaetxean. Arg: Ordiziako Udala Urriak 19 da gaur, bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna, eta Goierrin, gaixotasun horren aurkako borroka irudikatzen duen xingola larrosa eskegi dute hainbat herrietako udaletxeetako balkoietatik. Hala egin dute Ordizian, Zumarragan eta Urretxun, besteak beste. Gainera, Zumarragako Geltokiko plaza arrosa kolorezko banderatxoekin apaindu dute eta udaletxeko pareta ere arrosa kolorez argiztatuko dute gaur. Bestalde, eskualdeko saltoki askok ere bat egin dute bularreko minbiziaren aurkako borrokan, erakusleihoetan xingola arrosak jarrita.
Informazio mahaiak
Asteazkenean Ordizian azoka eguna dela aprobetxatuz, Katxalin elkarteko (Bularreko eta Ginekologiako Minbiziagatik Eragindako Gipuzkoako Emakumeen Elkartea) kideek, informazioa banatzeko mahaiak ipiniko dituzte herriko puntu desberdinetan. Gainera, aurtengo urriaren 19aren aitzakiarekin, Katxalinen bizkar-zorroa eta musukoa eskuragarri egongo dira. Goierriko hainbat saltokietan ere eskuragarri egongo dira hurrengo egunetan.
Azkenik, gogorarazi, bularreko minbiziaren inguruko informazioa emateko eta laguntza eskatzeko komunikazio bideak irekiak dituela Katxalin elkarteak (katxalin@katxalin.org eta 943-24 56 08).















