Argixao egoitzan zortzi egoiliar positibo atzeman dituzte
Zumarragako Argixao egoitzako zortzi egoiliar jo ditu COVID-19ak. Sei kasuren berri eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ostiralean, eta herenegun bi gehiagorenak. Goierriko adineko egoitzetan dauden kasu aktibo bakarrak dira, azken bost hilabeteen ez baitzen COVID-19 kasurik atzeman. Langileen kasu positiboak ez dituzte aditzera ematen.
Pandemiaren lehen olatuan 76 egoiliar gaixotu ziren Beasaingo Arangoitin, Zumarragako Argixaon eta Ordiziako San Josen. Bi gaixotik batek baino gutxiagok gainditu zuen birusa. Oraingo zortzi gaixoen egoera zein den ez du aditzera eman foru aldundiak, baina Ordiziako San Jose egoitzara lekualdatu dituzte. Asmoa da Goierri-Urola Garaiko osasun eremuko zahar etxeetako egoiliar kutsatu guztiak bertan kontzentratzea, birusaren hedapena mozteko eta artatze-zerbitzuak hobetzeko. Halaber, Gipuzkoa osoko bost egoiliar daude ospitaleratuak.
Gainerako egoitzak, salbu
Goierriko beste bost adineko zentroetan ez da COVID-19 kasurik atzeman bigarren bolada honetan. Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian eta Seguran ez da kasurik atzeman nahiz eta PCR probak egin diren. San Juan, Santikutz eta Txindoki egoitzetan ez da kasu bakar batere atzeman martxotik hona.













