Dolarea berrituko dute
Dolarea parkea zaharberritzeko lanen lizitazio lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute. Udalak urte amaieran hasi nahi ditu lanak. Begetazioari eutsi eta irisgarritasuna erraztu nahi dute
Dolarea parkea berritzeko lanen lizitazio lehiaketara aurkezteko epea zabalik dago. Urriaren 28an amaituko zaie enpresei proposamenak bidaltzeko epea, eta udalaren asmoa da azaroko udalbatzan zereginak esleitzea eta urte amaierarako lanak abiatuta izatea. Leire Artola Beasaingo Udaleko hirigintza zinegotziak dio ez dutela «aldaketa handirik» egingo, espazioa «mantendu» nahi dutelako: «Inguru atsegina da, zabala, lasaia, gune berdeekin… herritarren iritziak jaso genituenean gehiengoak nahi zuen horri eustea». Lanek bost hilabeteko aurreikuspena dutenez, 2021eko udaberrian prest egon liteke.
Halere, parkean badago zer hobetua. Irisgarritasuna errazteko, parkea eta Igartza Oleta kalea lotzen dituen eskailarak kendu egingo dituzte. Horretarako, parkearen maila apur bat beheratuko dute eta errepidean zebra-bide garaiago bat egingo dute. «Parkea hor egon da betidanik, baina joateko ohitura gutxi dago. Igartza Oletako sarbidea erraztuta, parkea Igartzatik gertuago egongo da eta erabilera handiagoa izango du», aurreikusi du zinegotziak. Halere, Dolarea erabat berdintzea ezinezkoa da, Foru eta Errekarte kaleen eta Igartza Oleta kalearen artean dagoen desnibelagatik. Ondorioz, harmailak mantendu egingo dituzte, baina «gozatzeko», harria egurrarekin estaliko dute. Eserleku gehiago ere jarriko dituzte han-hemenka. Halaber, bi gordailuak ere egurrarekin tapatuko dituzte.
Harmailen parean dagoen kioskoa kendu egingo dute, erabilerarik ez duelako eta espazioa handitu egingo duelako. Bertan, udan, haurrentzako ur jolasak jarriko dituzte, hau da, zorutik ateratzen diren txorrotak. Hotzak iristean, aldiz, kendu egingo dituzte. Zorua ere zahartuta eta zulatuta dago eta aldatu egingo dute.
Igartza Oleta kaleko lanen lizitazioa ere abiatu du Beasaingo Udalak, bi lanak batera egiteko. Kasu honetan, udalak ibilgailentzako bi noranzkoak berreskuratu nahi ditu Igartza Oleta kale osoan zehar, Florentzio Axpe eta Usategi kaleen arteko bidegurutzetik Nabarro Larreategi kaleko biribilguneraino. Igartza Oletako etxe orratzen parean errepideari tokia egiteko baina Espaloiari metrorik ez jateko, Oria ibaiaren gainean erlaitza eraikiko dute. Gainera, bidegorria errepidetik aterako dute eta oinezkoen garaiera berean jarriko dute, txirrindularien segurtasuna bermatzeko.
Bi noranzkoko errepidea
Beasaingo Udalak herriguneko zirkulazioa arindu nahi du Igartza Oletan noranzko bikoitza jarrita. Izan ere, mendebaldeko sarreratik datozenek zuzen jo ahalko dute eta ez dute Zapatari kalean edo Mendeurren Hiribidean era perpendikularrean zeharkatu beharrik izango. Usategi kalera hartzeko bihurgunea ere leundu egingo dute. Egungo bihurgunean autoak azkar botatzen dira oinezkoen gainera eta arriskutsua da.