Haizeteak kalte ugari sortu du Goierrin
Ordizian 122 kilometro orduko haize boladak erregistratu dira eta Aralarren 172 kilometro ordukoak. Zuhaitzak, karpak eta bestelakoak bota ditu haizeak.
Haizeteak gogor jo du Goierrin gaur gauean. Ordizian adibidez, 122 kilometro orduko haize boladak erregistratu dituzte. Aralarren indartsuago jo du, 172 kilometro orduko. Horren eragina Goierriko kaleetan ere nabaritu da, kalte ugari izan baitira ia herri guztietan. Udal langileek lehen ordutik nahikoa lan izan dute haizeak botatako arbolak eta adarrak jasotzen, besteak beste. Suhiltzaileek ere lana izan dute: Ordiziako suhiltzaileek 12 irteera egin dituzte eta Legazpikoek 7.
Zaldibian Lardizabal Herri Eskolaren atariko karpa bota du haizeak. Urretxu-Zumarragan, zuhaitzez gain, edukiontziak ere eraman ditu haizeak. Gabirian hainbat zuhaitz errepidera erori dira, eta ibilgailuen pasaera oztopatu dute. Zumarragan eta Legazpin, osasun zentroen aurrean dauden PCRak egiteko karpak ere kaltetu ditu haizeak.
Hona hemen, gaueko haizetearen ondorioak, bideo eta argazkitan: