Hirukide familia ugarien elkarteak bere eskaintza aurkeztuko du
Ekitaldia bihar izango da, 18:30ean, Zumarragako kultur etxean. Familia ugariak eta familia ugariak izango direnak gonbidatuta daude. Laguntzen berri ere emango dute
Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak, Hirukidek, bere zerbitzuak eta jarduerak aurkeztuko ditu bihar 18:30ean Zumarragako kultur etxean. Familia ugari guztiak eta laster familia ugari izango direnak daude gonbidatuta.
Hirukidek, bere lana aurkezteaz gain, familia ugarientzat dauden laguntzen eta hobarien berri emango du. Familiek beraien iradokizunak eta erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte.
Azken urteetan familia ugariei eragiten dieten hainbat berrikuntza egon dira. Familia askok oraindik ez dituzte ezagutzen eta biharko ekitaldian horien guztien berri emango dute.
Berrikuntza horien artean bonu termikoa dago. Espainiako Gobernuak berogailuaren gastuei aurre egiteko emango duen laguntza da. Argiaren bonu soziala duten familia ugariek ere laguntza hau jaso ahal izango dute. Laguntza hau jasotzeko ez dago aurrez eskaera aurkeztu beharrik. Bestalde, kide ugariko familietako kideek dohainik egin ditzakete NANa eta pasaportea. Gainera, kide ugariko familia izaera hedatu egin da. Familiek titulu hori izaten jarraituko dute seme edo alaba gazteenak legeak ezarritako adina bete arte (21 urte, edo 26 urte ikasten jarraituz gero). Legeak eskatzen duen gehieneko adin hori betez doazen seme-alabak titulutik at geldituko dira, baina familiako gainerako kideek familia ugari izaten jarraituko dute, gazteenak legezko adin hori bete arte.
Era berean, duela bost urte amatasuna osagarria onartu zen: bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen kontribuzio-pentsioa %5 handitu da, hiru izan dituztenena %10 eta lau edo gehiago izan dituztenean %15.
Hirukide 1999. urtean jaio zen, kide ugariko familien eskubideak defendatzeko. Gobernuz Kanpoko Elkarte apolitiko eta akonfesionala da. Jaurlaritzak Onura Publikoko Elkarte gisa aitortu zuen 2002an.
Hirukide 8.300 familia ugarik baino gehiagok osatzen dute (40.000 bazkide inguru). Bazkide izateko baldintza bakarrak dira Kide Ugariko Familia Titulua edukitzea edo eduki izana eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea da. Egun, titulua duten familien %30 baino gehiago Hirukideko kideak dira.