«Korrikaldia Ataungo herriari bizi pixka bat emateko ere bada»
Goierriko korrika lasterketa zaharra da Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldia. Igandean behar zukeen 40. ekitaldiak, baina ez dute antolatzerik izan izurriteagatik. Egonkortuta dakusa Igor Aierbek.
Hiru Auzoetako Korrikaldirik ez da egingo aurten?
Ezin da. Tarteak zaintzea eta betebeharrak betetzea oso konplikatua da horrelako proba batean, eta ezinezkoa da. Erabaki genuen ez egitea. Helduen korrikaldiaz gain, umeenarena ere egiten dugu, eta baldintzak ezin zirenez bete, aurten ez antolatzea pentsatu dugu. Abuztu bukaeran hitz egin genuen jada, giroa eta egoera ez zeudela horretarako. Beste karrerarik ez zen egiten ari, eta ikusita besteek zer bide hartu zuten, gure burua ez genuen gai ikusten segurtasunarekin proba egiteko.
Noiz hasi ohi da antolaketa?
Abuztuaren erditik aurrera. Lanak banatuta dauzkagu geure artean. Batetik, baimenak lortzea izatean da. Bestetik, babesleak aurkitu eta finantzazioa lortzea, Gurutze Gorriarekin hitz egin… Urteroko babesleengana joaten gara. Urte asko daramagu, eta lanak banatuta eta neurriak hartuta dauzkagu jada.
Igandean zatekeen. Penarik sentitzen duzue?
Bai, arraroa egiten da. Urte mordo batean egiten ari gara, eta aurten ez dugula hori egiterik edukiko pentsatzea arraroa da. Baina ikusten ari garen egoerarekin, martxoko momentuak etorri zaizkit niri burura. Ea non bukatzen duen honek. Ezer berezirik ez dugu egingo igandean.
Atzeratu, edo datorren urteko urrira arte utzi duzue?
Segitzeko asmoarekin gaude, noski, probak urte asko daramalako. Baina urtebete atzeratu dugu printzipioz, 2021era arte. Ohitura da garai honetan izatekoa, eta data hau korrikaldiarekin lotzen duenez inguruko jendeak ere, horrela segitzea da gure asmoa.
Egonkortuta dago? Hasi zenetik hona asko ugaritu dira korrika probak.
Gure lekua eginda ikusten dut. Ataungoak Lasarteko probarekin bat egiten du egutegian, eta jende asko joaten da hara. Baina gure lekua badugu, partaidetza finkoa dugu, eta gure kopuruetan ibiltzen gara beti. Ehundik gora korrikalari etorri dira urte batzuetan, baina kontrolatzen ditugun zifrak dira. Umeen lasterketan ere jendea geroz eta gusturago ateratzen da.
Hazteko irrikarik baduzue?
Ez. Boluntarioak aurkitzeko ere urtero nahikoa lan izaten da orain bezala ere. Guk ere gaitasun gehiago ez dugu karrera hazteko. Urte batean 150 korrikalariko muga pasatu genuen, baina hortik gora ez dut ikusten. Ez antolatzeko, eta ez jendeari gutxiengo baldintzak emateko ere.
Zenbait ikusita, badirudi geroz eta jende gehiago joan, lasterketa hobea izan behar duela.
Kontrakoa da, justu. Zerbitzu batzuk eman beharra daukazu etortzen denari, eta gaitasun jakin bat dago hori egiteko. Hortik gora pasatzen denean, ezingo dira bermatu, eta probaren kalitatea jaitsiko da. Dauzkagun sarrerekin gastuak estaltzen ditugu; beti ez, baina koltxoi bat uzten dugu, eta mantentzen gara. Egonkortutakoaren sentsazioa dugu guk, eta erreala ere ez litzateke izango haztea. Urteroko helburua mantentzea izaten da.
Eta lortzen du, ezta?
Bai. Hamaiketakoa ematen hasi ginen, eta jendea gustura; urte batean ez genuen eskaini, eta eskatu zigutenez, atzera lehengo ohiturara itzuli ginen. Jendea herrian bertan mantentzeko modu bat ere bada, karreraren ondoren. Ez da ordubete edo biko kontua bakarrik, herriari bizi pixka bat ematea ere bada.
Kirol aldetik, ez du nolanahiko gogortasuna.
Maratoi erdi batera ez da ailegatzen, baina Aiaraino igo egin behar da. Eta Kaxetaraino ere, badirudi berdin-berdinean zoazela, baina etengabe eta pixkanaka igo egiten da. Eskatzailea da.
Jendeak zer dio, gogortzeko ala leuntzeko?
Batzuek luzatzeko eskatzen dute, besteek mozteko… Garai batean, herriaren behealdera joaten ziren, gasolindegiraino. Nik uste, neurria hartuta dagoela, eta etortzen dena ere dagoenaren bila etortzen dela. Aldatuz geroz, ez dakit jendeak etortzen segiko ote lukeen.