Larunbatean zabalduko da Errigorako saskiak eskatzeko epea
Euskalgintzako beste egitasmo batzuekin bat egin du aurten Errigoraren Euskarari Puzka kanpainak, eta "elkartasuna biderkatzeko" deia egin du.
Errigora egitasmoak urriaren 24tik azaroaren 12ra zabalduko du Euskarari Puzka kanpaina berria. Epe hori izango dute herritarrek Erriberako produktuen saskiak eskatzeko. Aurten, “ezohiko egoera” ikusita, “elkartasuna biderkatzeko” deia egin dute, gainera. Euskalgintzako beste egitasmo batzuk ezin izan direla behar bezala egin ikusita, indarrak batu dituzte. Hala, Ikastolen jaialdiak, Sortzen eta AEKren Korrika bezalako ekimenak laguntzeko ere erabiliko dute aurtengo kanpaina, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko beste ekimen batzuekin batera.
Orain arte bezala, saskiaren balioaren %25 Nafarroako euskalgintzari hauspoa ematera bideratuko dute. Aurten, ordea, beste 5 euroko ekarpen gehigarria egiteko eskatuko diete herritarrei, “zuzenean AEKri, Seaskari eta Sortzeni” emateko. Trukean, saskiarekin batera, Korrikaren edalontzia, Seaskaren egutegia edo Sortzenen ‘D ereduko haziak’ kutxa jasoko ditu erosleak. Eskaerak ohiko puntuetan edota Errigoraren webgunean egin ahal izango dira.