Musika bizirik mantentzeko festa
Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak Txamiskuna Arimen Eguna jaialdia antolatu du hilaren 31rako. Musika jaialdi honen helburua kultura bizirik mantentzea da.
Ikusleak rock musikaren arima dira eta konfinamenduan musika arimarik gabe gelditu zen. Egungo egoera ere oso gogorra da eta Urretxu eta Zumarragako musikazaleek ez dituzte musikariak bakarrik utzi nahi. Joan zen astean Zarraparra kolektiboak ZZ Rock jaialdia egin zuen Zumarragako trintxeran eta hilaren 31n Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak Txamiskuna Arimen Eguna festa egingo du.
Jaialdia Zumarragako Izazpi auzoko kantxan izango da. Ateak 17:00etan irekiko dituzte eta lehen kontzertua 18:00etan hasiko da. Lau taldek joko dute: Urretxu eta Zumarragako Txost!, Legazpiko John Dealer&The Coconuts, Bizkaiko Nize eta bizkaitar eta nafarrez osatutako J Martina.
Sarrera salmenta
Sarrerak Internet bidez erosi behar dira. 5 euroan jarri dituzte, entradium.com/events/txamiskuna-arimen-eguna helbidean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, 7 euroan, sarrera guztiak Internetez saltzen ez badira. Banakako aulkiak eta 3 eta 4 lagunentzako mahaiak egongo dira. Edariak zerbitzatuko dira eta segurtasun neurri guztiak beteko dira.
Gazte Asanbladako kideen helburua kulturari bultzadatxoa ematea da. «Kultura hain kolpatua izaten ari den garai hauetan, badaramagu denbora bat kultur ekintzarik egin gabe. Txosnak antolatzeko aukerarik ere ez dugu izan uda guztian zehar. Horrela, txosnetan parte hartu ohi duten eragileen laguntzaz (antolakuntzan denok elkarrekin ibili gara, lan banaketa txozna batzordeena bezalakoa izan da), hainbeste denbora eta gero, inguruko taldeei aukera emango diegu publiko zabal baten aurrean, era seguruan eta zuzenean, kontzertu bat egiteko», aipatu dute.