Oamendiko irteerarekin estreinatu da Zeraingo Oamendi Kirol Kluba
Hamasei lagunek hartu dute parte herritarrei zabaldutako lehen jardueran. Hurrengo ekintza futbolin, toka eta mahai tenis txapelketa izango da, azaroan, herriko pilotalekuan
Zeraingo Oamendi Kirol Klubak lehendabiziko irteera irekia egin du asteburuan, izena ematen dion Oamendi mendira. 16 lagunek hartu dute parte. Iaz sortutako klubari aurten eman diote izaera juridikoa, eta aurkezpena joan den astean egin zuten zeraindarrei klubaren oinarri eta helburuak ezagutzera emateko. Aurretik hainbat jarduera egin badituzte ere, Klub gisa egindako eta herritarrei zabaldutako lehenengo ekintza izan da.
Mendia izango dute ardatz Oamendi Kirol Klubak antolatutako jarduerek, baina modalitate desberdinak landuko dituztela azaldu du Patxi Saez de Egilaz antolakuntzako kideak: «Lehenengo irteera mendira izan da, baina hurrengoan, adibidez, futbolin, toka eta mahai tenis txapelketa egingo dugu». Azaroan izango da, Zeraingo frontoian.
Herrian kirolaren bitartez «balore desberdinak sustatzea» eta «kirola babestea» izango ditu helburu klubak. Mendiaz gain, txirrindularitza, pilota, xakea edo eskalada ere landuko dute. Saez de Egilazek azaldu bezala, ohikoenak ez diren kirol modalitateek izango dute lehentasuna: «Futbola lantzea, adibidez, ez da gure helburua, baizik eta sona gutxien dutenak sustatzea». Kirolak eskaini ditzakeen baloreak baliatuz, «berdintasuna bultzatzea» ere izango da xedea. Horretarako «kirol mota desberdinak emakumeengana zabaltzeko lana» egingo du klubak.
Jarduera irekiak
Oamendi Kirol Klubaren egoitza Zerainen dagoen arren, inguruko goierritarrei ere dei egin diete antolatuko dituzten jardueretan parte hartzeko: «Mutiloa, Segura eta inguruko herrietako taldeekin ere harremanak sustatu nahi ditugu eta, beraz, gonbita ingurukoentzat ere bada». Azaroko futbolin, toka eta mahai tenis jardueraren ondoren, abenduan eskiatzera joateko irteera antolatuko dute. Datorren urteari begira, berriz, bestelako ekintzak aurreikusi dituzte: «Eskalada saioa ere egin nahi dugu, baina datak zehazteko daude oraindik».
Taldeari izaera juridikoa eman diote Euskadiko Kirolaren lege-xedapena kontuan izanda eta sei bat kide ditu Klubak. Halere, jardueretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango kide izatea. Hurrengo urtean egiteko ideiaren bat duenak klubarekin harremanetan jar daiteke proposamenak egiteko.