Ondare jardunaldietako hainbat ekintza egingo dituzte asteburuan
Ormaiztegin, Ezkion, Urretxun, Zegaman eta Zerainen egingo dituzte ondarea eta aisialdia uztartzen dituzten ekintzak.
2020ko Ondarearen Europako Jardunaldien harira, hainbat ekintza antolatu dituzte Ormaiztegin, Ezkion, Urretxun, Zegaman eta Zerainen astebururako. Ostiralean Ormaiztegiko San Andres Herri Eskolan Ez dut bakarrik jolastu nahi! tailerra egingo dute, 14:00etatik 16:00etara. Haurrek gaur egun erabiltzen dituzten jostailu eta jolasak eta aiton-amonek erabiltzen zituztenak bildu eta belaunaldien arteko tailerra antolatu dute, ondare inmaterial hori ezagutarazteko.
Larunbatean hiru ekintza desberdin egongo dira. Goizean, Zegaman, 11:00etan Aldaolako aparkalekuan hasita, San Adriango igarobidearen bilakaera ikusteko eta azken indusketen berri izateko aukera izango da. 11:30ean, aldiz, Zerainen, Herri Museora eta Larraondo zerrategi hidraulikora bisita gidatua antolatu dute. Arratsaldean, berriz, Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoko dolarean dantza ikuskizuna izango da, 17:00etan hasita. Ekintza guztietan izena ematea beharrezkoa izango da.
Igande gastrokulturala
Urretxun, bestalde, Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrenari lotuta, ‘Iparragirre pintxoa’ dastatzeko aukera izango da igande eguerdian. Alde zaharreko lau tabernatan egongo da eskuragarri pintxo hori, eta taberna horiek XIX. mendeko Urretxu bezala girotuko dituzte. Iparragirreren abestiak eta garaiko argazkiak jarriko dituzte XIX. mendeko itxura lortzeko.