Ordizian hasi dira aurreneko PCR probak egiten
Baheketak hiru egunez iraungo du; gaur ikastetxeetako ikasleei egingo dizkiete probak, eta ostegun eta ostiralean, 13 eta 40 urte arteko ordiziar eta zaldibiarrei. Gaur 800 ikasle eta irakasleri eta 200 herritarrei egingo diete testa; guztira 4.000 proba inguru egitea aurreikusten dute.
Osasun Saila hasi da Ordizian agindutako baheketa masiboa egiten. Hiru egunez, ehunka ordiziar eta zaldibiarri egingo dizkiete PCR probak. Gaur ikastetxeen txanda da; eguerdiko 13:00etan hasi eta 20:00ak arte, Oianguren Institutuko, Jakintza ikastolako eta Goierri Lanbide Eskolako 800 bat ikasle eta irakasle pasako dira Beti Alai pilotalekuan egokitutako gunetik. Ostegun eta ostiralean, berriz, 13 eta 40 urte arteko herritarrei egin diete deia; azken horiek, txanda hartu beharko dute probak egiteko, osasun zentrora deituta.
Arantxa Saez Ordiziako Osasun Zentroko arduradunak azaldu duenez, “komenigarria” da adin tarte horretako herritarrek parte hartzea, “jakiteko zenbat positibo dauzkagun eta zertaz hitz egiten ari garen, eta batez ere, asintomatikoak direnak ere detektatu ahal izateko”. PCRa egitera doazen herritarrei, “guzti hau ekiditeko neurriak” zein diren azalduko dizkietela azaldu du, “ea denon artean lortzen dugun hau etetea”.
Gaur bertan, ikastetxeetako ikasleez gain, 200 bat herritarri ere egingo dizkiete testak, eta datozen egunetan, kopuru zehatza esaterik ez badago ere, 1000 eta 4000 test artean egitea aurreikusten dute. Izan ere, herritarren probak “borondatezkoak” direla gogorarazi du Saezek, baina benetako egoera ezagutzeko, garrantzitsua dela herritarrek deialdi horri erantzun on bat ematea.
Uztaileko egoerarekin alderatuta, “egoera ezberdina” dela azaldu du, hura brote edo agerraldi baten hasiera izan baitzen, eta “Ordizian lehenak izan ginen mota honetako dispositibo bat antolatzen”. Lehen kolpe hartan “jendea oso izututa” etorri zela dio Saezek; orain ordea, “badirudi erosotu edo ohitu” egin dela. Hala ere, Ordiziako eta Zaldibiako herritarrek ondo erantzungo dutelakoan dago.