Udaberriko kulturaldiaren ordez, ekintzak udazkenean
Udaberriko Kulturaldia egiterik ez zuten izan eta, horren ordez, hainbat ekintza antolatu ditu Zeraingo Udaleko Herri Bizitza batzordeak hil amaierarako. Igandean 65 urtetik gorakoei goxo batzuk eramango dizkiete.
Aurten Zeraingo V. Udaberriko Kulturaldia bertan behera geratu zenez osasun egoeragatik, Udazkeneko Kulturaldia antolatu du Zeraingo Udaleko Herri Bizitza batzordeak. Hainbat ekintza egingo dituzte herrian urriaren 25etik urriaren 30era.
Urriaren 25ean, igandean, jubilatu eguna gogora ekarriko dute. Ohiko bazkaria egin ordez, 65 urtetik gorakoen artean goxo batzuk banatuko dituzte. Astelehenean, urriaren 26an, ‘Goierriko Bizi Ezkutua’ erakusketara bisita izango da, 19:00etan, Lemniskata elkarteko Iñaki Mezkitak gidatuta.
Urriaren 28an, berriz, asteazkenean, ‘Transpirenaika: Pirineotan barrena’ bideo emanaldia egongo da Asier Zabaleta zeraindarraren eskutik, 19:30ean hasita kultur etxean. Astea amaitzeko, urriaren 30an, Ariztierdi aterpetxea inauguratuko dute egin dituzten berrikuntzen ondoren. Ekintzetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik udaletxean izena ematea.
Bestalde, Lemniskata elkartearen hitzaldiaren harira, urriaren 26tik azaroaren 15era ‘Goierriko Bizi Ezkutua’ erakusketa Kultur Etxean jarriko dute ikusgai.