«Ardiki Egunak aurrera jarraitu behar duela garbi daukagu»
Aurten ez da Zaldibian ardikiaren inguruko festarik ospatuko. Baina kofradiako Migel Mari Irastortzak argitu du ez diotela utziko. Nola berritu pentsatzen ari dira, 2021erako.
Mondejua probatua izango duzu honezkero.
Bai, baina ez asko. Egoera honek dena aldatu baitu izan ere, eta aldarazi gaitu gu ere. Zaldibian taberna denetakoak probatu ditut, eta harategikoa ere bai.
Eta, zer moduzkoa?
Txarra inori ez dago esaterik, egiten hartu duen endredoagatik bakarrik. Baina diferenteak badira. Batzuk ari dira bere gauzatxoak erantsi nahian, zer bota, zer erantsi… Zaldibiar batek mondejua txarra dela esateko, oso txarra izan behar du. Mondejua gustatu egiten zaigu.
Urtero bezainbeste egiten ari ote dira aurten? Kontsumoa jaitsiko zen, festarik eta Ardiki Egunik ezean.
Beheko harategian abasto eman ezinik ari dira, mondeju egiten. Beti zerbait nahi izaten da berria, eta jan dugu mondeju tortilla ere, mondeju zaporearekin. Mondeju kroketak ere atera dituzte. Probatu ditugu, eta goxoak daude. Jendeak badauka mondejuarekin irrika.
Jendeak jaten jarraitzea da seinale onena. Baina egiten al dira etxeetan?
Lehiaketak beti bultzada bat ematen du. Jendeak familian jateko berdintsu egingo ditu orain ere. Hori bai, ezin gara mugitu eta elkartu, eta gutxiago egingo dituzte. Baina Santa Fetarako, adibidez, familia batek etxean egin ditu mondejuak, eta festak ez dira beti bezala juntadizoa eginda ospatu etxe horretan, baina senide guztiei bidali diete bere pusketa.
Antzinako ohituran.
Ohitura politak eta ederrak badaude, batere erabiltzen ez ditugunak! Egoera hau nola konpondu daitekeen ari ginen lehengoan, lagun artean. Tabernak ixtea logikoa da, ez ixteko eskatzea ere bai. Lehen, Zaldibiako dendetan, jendeak kartillarekin hilaren bukaeran pagatzen zuen, ez zen-eta ailegatzen diruz. Halakoak egongo dira berriz. Behar denean, zer aukera polita den ahal denean pagatzeko hori. Demokrazian aurreratu dugu, baina soziedadean batere ez.
Igandean zatekeen Ardiki Eguna. Ez dago egoera festarako.
Garbi daukagu hori, eta ez dugu egingo. Udalak deitu gintuen festak antolatzen ibiltzen garen taldeok. Mordoxka bildu ginen, eta garbi esan zen han: festa, egoera honetan, ezin da egin. Jendea biltzea saihestu behar da, eta Ardiki Egunean ezin da saihestu. Inondik ere ezin da.
Pena?
Iaz 25.a egin genuen, eta aurten horrela tokatu da. Aurreragoko kezkak badaude. Egun honek ez dauka bestelako zerarik: oso errepikakorra izaten da, gauza txikiren bat aldatu daiteke, baina bestela berdintsua da beti. Urte batean ez eginda ez da ezer gertatzen.
Ardiki Kofradiatik urteak daramazue festa hori antolatzen, 1994an hasita. Zer suposatzen du zuentzat ez egiteak?
Denentzako pena da, eta herriarentzat eta jendearentzat alukeria, festa bat ez egitea. Beste alde batetik, aurten gu hasita geunden lanketa batekin. Ardiki Egunak behar du beste haize bat, beharbada antolatzeko beste era bat, beharbada beste mota bateko festa izatea. Horretarako jende berria behar du. Gu aspertuta ez gaude, baina jada edozein gauza egiteko ere telematikoki egin behar da; 68 urte dauzkagu, aritzen gara, baina ez da berdin. Beste gauza batzuk egiteko ere haize freskoa, gaztetasuna eta sasoia behar du.
Zer ari zineten lantzen? Festarekin jarraitzekotan zaudete 2021ean?
Hasita geunden Zaldibian gazteekin hizketan, edo eskatutakoan laguntza beti eman digun jendearekin hartu-emanetan. Zorioneko gaitz hau sartu da, eta hor geratu da. Guri ondo ere etorri zaigu agian, gauzak egiteko denbora izango dugulako. Baina urte batean ez egitea ez da hainbesterako izango, ez zait iruditzen. Kezka zabaldu da guk utzi behar dugula. Ez dugu utziko. Laguntza eskatzen ari gara. Garbi daukagu aurrera segitu behar duela Ardiki Egunak, eta nola moldatu dezakegun ari gara.
Zenbat lagunek edo profesionalek egiten dute mondejua gaur egun?
Harategi bat dago orain Zaldibian. Erauskin jubilatu zen, behekoa. Kale erdiko karnizeria beheko plazara pasatu dute. Buruz gain ari dira; bi lagun daude, eta abasto eman ezinik. ‘Zer da hau?’, esaten dute. Garaiko produktua da mondejua, bi hilabete edo hiruko epea du, eta gero asko jaisten da. Odolkiak beste tirada bat dauka, eta gehiago eusten dio. Orain da garaia mondejua jateko, eta aprobetxatu beharra dago. Neurrian, beti ere.
Zeuri, festa honetako zer gustatzen zaizu gehien? Zeri ematen diozu balio handiena?
Festa bera ia ez dut inoiz ikusi, beti lehiaketatako lanak tokatzen dira eta. Jendearen erantzuna gustatzen zait gehien, Zaldibiako jendeak daukan gogoa Ardiki Egunerako. Inguruko herrietatik ere asko etortzen da. Festan bertan, denetik dago. Hasi ginenean ere filosofia horixe zen: eskolaumeekin, musika aldetik lanean ari direnekin, bertsolaritza, garai bateko kirolak… Beharbada, intentsoegia da egun erdi baterako. Bestetik, herriko jendearen laguntzarekin ere, zoragarri. Bestelako garaiak izan ziren, baina orain oso erantzun ona jasotzen du.
Ea etortzen den bila ari zareten «haize berria».
Nik uste dut baietz. Ez da denbora eta lan asko eskatzen duen gauza, eta gazte bati ez dio ezer suposatzen antolakuntza honek. Gu beste labealdi batekoak gara, eta zeregin batzuk gehiago kostatzen dira. Jende gehiago inguratzeko ere balio du gazteak, eta ideiak ere beste mota batekoak dituzte. Hori behar-beharrezkoa du Ardiki Egunak.